Ikasleak jo eta ke ari dira egunotan azken azterketak prestatu eta egiten. Hainbat orduz ikasteko asteak dira azken hauek, ikasturtean zehar egindako lanari amaiera ahalik eta onena eman asmoz. Unibertsitatera begira ari direnek, aldiz, bertan ikasi ahal izateko proba gainditu behar dute lehenik, eta horretan dabiltza, horri dagozkionak prestatzen. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan aurten Batxilergoa amaitu duten 9.994 ikaslek egingo dute Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa deritzana, ekainaren 7, 8 eta 9an. Goi mailako heziketa ziklo bat egin eta dagokien fasera besterik aurkeztuko ez diren beste 670 ikasle gehitu behar zaizkie Batxilergoko ikasleei, EHUtik bertatik jakinarazi dutenez.
Probak hiru egunez dira egitekoak, eta bi fase izango dituzte: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen xedea da Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea. Bost azterketa egin beharko dituzte horretarako: Euskara eta literatura, Gaztelania eta literatura, Espainiako historia, atzerriko lehenengo hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jaso ahal izango du, fase honetan horiek baitira gutxienekoa eta gehienekoa. Batxilergo notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatutan —%60 Batxilergoari dagokiona da eta %40 fase orokorrari—, bost puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, beti ere ikasleak fase orokorrean gutxienez lau puntu lortu baditu.
Beste fasea, onarpenekoa, borondatezkoa da. Horren xedea da zenbait arlo jakinetan ikasleen ezagutzak eta arrazoitzeko gaitasuna neurtzea. Hau da, unibertsitatean egin nahi dituzten ikasketekin zerikusia duten arloetan nola moldatuko liratekeen nolabait aurretiaz neurtzea. Fase horrek aukera ematen dio ikasleari sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Onarpen fasean ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, sarbide faserako aukeratu duena salbu. Asko jota, lau gairen inguruko azterketak egin ahal izango dituzte honakoan eta, gehienez, lau puntu jaso.
Gai bakoitzari 0 eta 10 puntu artean emango zaizkio, eta azkeneko nota borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz aterako da. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira, eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duten harremanaren arabera.
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa ekainaren 7an da hastekoa, asteazkenez. Zehazki, 8:45etatik 18:45etara bitartean egingo dira proba horiek EHUn bertan. Hilaren 8an azterketak 9:00etatik 18:45etara arte izango dira eta, amaitzeko, ekainaren 9an, 9:00etatik 15:00etara luzatuko dira azterketak. Hortik aurrera, udako oporrak baliatuko dituzte ikasleek, egindako ahaleginaren ordainetan. Eta irailetik aurrera, euren bizitzako etapa berri eta ilusioz betetako bati ekingo diote, unibertsitatean emango duten horri.
![]() |
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa hil honen 7, 8 eta 9an egingo da Euskal Herriko Unibertsitatean |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.