viernes, 9 de junio de 2017

EAEko enpresek 926.000 kontratu sinatu zituzten iaz

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek 926.599 kontratu izenpetu zituzten iaz, aurrekoan baino 59.344 gehiago; hau da, %6,84 gehiago. Era horretan, 284.497 pertsonaren lan mugikortasuna edo laneratzea egin zen posible. Datuok Lanbidek, Enpleguko Euskal Zerbitzuak, eman ditu ezagutzera, 2016ko Kontratuen Balantzea egiterakoan. Euskal lan merkatuak bilakaera positiboa izan zuen orotara, batik bat ostalaritzan —2015ean baino 15.605 kontratu gehiagorekin—, administrazioko zereginetan —11.936ko gorakada— eta osasungintzan —gehi 9.632—. Dena den, komunikazioaren eta higiezinen sektorearekin lotutako jardueretan kontratuen kopuruak behera jo zuen —887 eta 510 kontratu gutxiagorekin, hurrenez hurren—.
Iaz itxitako kontratazio guztietatik, 861.069 behin behinekoak izan ziren, eta 65.530 mugagabeak. Kontratu mugagabeak sinatu zituztenen %40,1ek, gainera, lanaldi partziala izan zuen, besterik aurkitu ezean. 2016an kontratu kopuru handiena ekarri zuten lanbide profilak zerbitzuen sektorean kokatu ziren, bai kualifikazio graduren bat behar zen kasuetan (23.220 kontratu), bai ez kualifikatuen kasuetan (22.948). Ugarienak teknikari eta profesional zientifikoak (5.188 kontratu), administrazioko langileak (4.939), industriako postu kualifikatuak (2.291) eta laguntzako teknikari eta profesionalak (2.108) izan ziren. Oso bestelako egoeran zeuden, ordea, instalazio eta makinen operadoreak, jarduera horietan enpleguak behera egin zuelako. Zehazki aurreko urtean baino 1.601 pertsona gutziagok jardun zuen horretan.
Bestelako aldagaiei dagokienez, lurraldeka, kontratazioaren %18,5 Arabako lanpostuetarako izan zen, %52,5 Bizkaikoetarako eta gainerako %29 Gipuzkoakoetarako. Generoari dagokionez, kontratu mugagabeetan %7,2 gizonezkoei egokitu zitzaizkien eta %7 emakumeei. Aurreko urtean izandako hobekuntza ekonomikoak, kontratazioetan ez ezik, pertsonengan ere izan zituen ondorio positiboak, lan merkatuan sartu zirelako zein enpleguz aldatu ahal izan zutelako. Bi kasuotakoren batean egon ziren 284.497 pertsona, 149.943 gizonezko eta 134.554 emakume. Orotara, 2015ean baino 11.681 pertsona gehiagok lortu zuten enplegua.
Adina aintzat hartuta, kontratatutako pertsonen bataz besteko adina 36,20 urtekoa izan zen, pixka bat altuagoa gizonen artean (36,29 urte) emakumeen artean baino (36,10). Gazteenek teknikarien taldeei esker lortu zuten lanpostua, bai goi mailako graduetakoetan, bai laguntzaileenetan, eta zerbitzuetako langileen artean, 35 urtetik beherako bataz besteko adinarekin. Enpresetako zuzendaritza lanetarako, ostera, 40 urte beteta dituztenak kontratatu zituzten. Lanaldi partzialerako kontratatutakoak bestelakoak baino apur bat gazteagoak izan ziren. Bataz besteko adina 35,42 urtekoa izan zen —34,58 gizonezkoetan eta 35,87 emakumezkoetan—. Beste alde batetik, kontratu mugagabearekin kontratatutako taldea helduagoa zen aldi baterako kontratatutakoa baino. Baztaz besteko adina 37,21ekoa izan zen lehen taldea, eta 35,96koa bigarrenean.
Prestakuntza mailari dagokionez, kontratatutakoen %43,7k oinarrizko hezkuntza maila zeukan, asko jota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; %21,2k Batxilergoko ikasketak; %16,7k Lanbide Heziketa, eta gainerako %17,5ek, unibertsitate mailako ikasketak.

Kontratatutakoen bataz besteko adina 36,20 urtekoa izan zen, 36,29koa gizonen artean eta 36,10ekoa andrazkoei dagokienez.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes