Euskararen irakaskuntzan funtsezko zutabea da HABE, eta egiten dituen urrats guztiek eragiten dute hizkuntza sustatzeko eta bere ezagutza zabaltzeko zereginean. Orain, ebazpen bat argitaratu berri du, aurten, B1 eta B2 mailez gain, lehen aldiz C1 eta C2 gaitasun mailak ere deialdi irekien bitartez egiaztatzea ahalbidetzen duena. Modu horretan, mailok egiaztatu nahian dabiltzan ikasleei bidea errazten zaie, orain arte HABEren erregistroan izena emandako euskaltegietako ikasleek bakarrik egiazta baitzitzaketen bi maila horiek erakundearen deialdietan. Honen berri eman duena Jokin Azkue izan da, HABEko zuzendari nagusia, eta, bere esanetan, abiatutako ekimenaren bitartez "gizarte behar jakin bati erantzuten zaio interesaturik dauden herritar guztiei C1 eta C2 mailei dagozkien ziurtagiriak lortzeko aukera" emanda.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, HABEk, gaitasun mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi du. Izan ere, aurrerantzean, euskarazko agiria nahi duten herritarrek aukera izango dute zuzenean deialdiotan matrikulatzeko, beste inolako galbaherik gabe. Orain arte ez zen horrelakorik gertatzen. Izan ere, ezinbestekoa zen euskaltegietako ikastaroren batean izena ematea C1 —lehengo HABE 3, Hezkuntza Sailak kudeatzen duen EGAren eta Administrazioko hirugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea— eta C2 —lehengo HABE , Administrazioko laugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea—HABEren ziurtagirien bitartez egiaztatzeko.
Aurtengo deialdiek beste berritasun bat ere ekarriko dute. Hala, B1, B2 eta C1 mailetako idatzizko proban gai izateko mugarrira heldu ez (15 puntu), baina gutxienez 13 lortzen dituenak mintzamen proban ateratako puntuekin orekatu ahal izango du puntu falta hori. Horretarako ezinbesteko baldintza izango da mintzamen proba gainditzeko gutxienekoa lortu eta idatzizko proba gainditzeko eskatzen den gutxienekora iristea mintzamen proban lortutako soberakinarekin.
Deialdi irekiko matrikulazio epea irailaren 15etik 26ra arte egongo da zabalik. Izena emateko www.habe.euskadi.eus atarira jo beharko da, eta matrikularen truke 60 euro ordaindu beharko dira maila bakoitzeko. Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duenak zenbat matrikula halako beste ordaindu beharko ditu, baina jakitea komeni zaio HABEk egun, ordu eta leku berean bateratu ahal izango dituela hainbat mailatako azterketak, matrikulazio kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Matrikulazio epea itxi eta hamar laneguneko epean argitaratuko da azterketen egutegia. Horien lehenengo fasea —idatzizko gaitasun probak: irakurmena eta idazmena— urriaren azken astean egingo dira.
HABEren deialdietan egiazta daitezkeen mailen azterketa ereduak eskuragarri daude www.ikasbil.eus atarian, baliabideen atalean zehazki. Deialdi irekin honetan egingo den C2 mailako probak eredu berri bati izango du, azterketaria erabiltzaile aditua dela egiaztatzeko. Ahozko zein idatzizko komunikazio egoeretan, erabiltzaile aditu gisa jariotasun eta zehaztasunez komunikatzeko gai dela frogatu beharko du. C2 mailako azterketa berriaren eredu bat eman du ezagutzera HABEk aipatutako webgunean.
![]() |
Deialdi irekiko matrikulazio epea irailaren 15etik 26ra egongo da zabalik. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.