martes, 27 de junio de 2017

Arrazismoaren eta genero zein sexu identitatearen ondoriozko diskriminazioa bikoiztu egin da Euskadin

Jatorria, etnia, generoa eta sexu identitatearen eraginezko diskriminazio kasuak bikoiztu egin dira azken urtean Euskadin, Eraberean sarera heldu direnen artean behinik behin. Hala, 2015eko 25etatik iazko 49etara igaro da, eta horietako %53 arrazismoarekin eta xenofobiarekin egon ziren lotuta. Agertoki horretan, Eusko Jaurlaritzak onartu berri du gorrotozko delitu hauek agerian jartzeko "zailtasun" polizial eta judizialak daudela. Asteon eman ditu ezagutzera datuok Enplegu eta Politika Sozialetako sailburu Beatriz Artolazabalek, Eraberean sareak 2016an egin dituenen berri plazaratzeko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Jaurlaritzak bultzatutako sare honek kolektibo minoritarioez arduratzen diren hainbat talde eta elkarte biltzen ditu; Gurutze Gorria, CEAR, SOS Arrazakeria eta EHGAM, besteak beste. Plataforma honen helburua arraza, etnia edo jatorriaren araberako, joera eta identitate sexualaren eta genero identitatearen eraginezko diskriminazioaren aurka borrokatzea da. Aipatu bezala, iaz sarera heldutako 49 diskriminazio kasuetatik %53 arrazismoaren eta xenofobiaren ondoriozkoak ziren. Beste %27 bat LGTBIfobiak eragindakoak ziren, hau da, sexu norabide edo identitatearekin eta generozkoarekin lotutakoak. Azkenik, gainerako %20 ijitoek jasandako diskriminazio kasuak ziren.
Sailburuak adierazi zuenez, "zailtasunak" egon badaude prozesu judizialetan diskriminazio mota hauek direla-eta gorrotoari dagozkion delitu tipoak aplika daitezen, nahiz eta "aurrerapausoak" ematen ari direla gaineratu. Artolazabalen irudiko, zenbaitzutan, Poliziak arlo honetan formazio egokirik ez izatearen ondoriozkoa da arazo hau, horrek jarrera horiekin lotutako salaketei buruzko diligentziak "egokiro ez instruitzea" dakarrelako. Horri aurre egiteko, agenteen formazioa hobetzeko lanean ari dira Jaurlaritzatik. Dena den, diskriminazio mota hauei eta gorrotozko delituei buruzko datu estadistiko eskasia dago, eta errealitate horren maila kuantitatiboa eta kualitatiboa ezagutzeko horiek behar dira.
Horrek ez du esan nahi itsuan ari direnik. Hala, badira zenbait adierazle, populazio inkestetan oinarritutakoak, "diskriminazioa goraka doala" ohartarazten dutenak, nahiz eta kasu askotan "beldurraren, ezagutza faltaren eta mesfidantzaren eraginez" salatzen ez diren. Halaber, kasurik gehienetan, diskriminazioaren eta gorrotozko delituen biktimek ez dute uste prozesu judizialaren ostean dagokiena jaso dutenik.
Eraberean sareak lanean jarraituko du aurten, hainbat ekimen abiarazita. Tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren arloetan sentsibilizazio handiagoa lortze aldera, hainbat hedabiderekin lankidetza hitzarmenak landuko dira, horien bitartez estereotipoen eta aurreiritzien aurka borrokatzeko, batik bat jatorria, etnia, nazionalitatea, norabide eta identitate sexuala eta generokoari dagozkienetan.
Gainera, sarea lanean ari da Ertzaintzaren Akademiarekin lankidetzan jarduteko, agente promozio berriek tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren arloetan formazio egokia izan dezaten. Ostean, formazio hori polizi erakundeetara zein eragile juridikoetara zabal liteke. Aldi berean, gatazken konponbiderako mekanismoen erabilera bultzatuko da, elkarrizketa kolaboratiboan oinarrituta eta biktimen erreparazioa bilatuta. Azkenik, Eraberean sarea lanean ari da tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren inguruko sentsibilizazio egitasmoa ikasgeletara eramateko.

Arrazismoarekin lotutakoak dira Euskadin iaz salatutako diskriminazio kasurik gehienak, erditik gora.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes