lunes, 22 de mayo de 2017

Jaiotzak %6,3 gutxitu ziren Euskadin iazko azken hiruhilekoan

Mendebaldeko gizarteak bereziki daude kezkatuta jaiotza-tasen ia etengabeko beherakadak direla eta. Biztanleriaren adin piramideak gero eta zabalagoak dira goitik eta estuagoak azpitik. Zahartzaroarekin lotutako hainbat zerbitzu sozial ordaintzeko gazteak behar dira ezinbestean, eta bizi-itxaropenaren gorakadak arazoa larritu besterik ez du egiten. Horregatik da hain garrantzitsua gurean zenbat ume jaiotzen diren jakitea, batik bat Euskadikoa Europako tasa baxuenetakoa delako. Gizartearen zahartze prozesua areagotzen du horrek eta Eustatek eman berri dituen datuen arabera arazoak berean dirau, 2016ko laugarren hiruhilekoan jaiotza %6,3 gutxitu zirelako. Zehazki, 4.360 haur jaio ziren epe horretan hiru lurraldeetan, honakoan ere aurrekoei beste beherakada bat gehituta.
Iazko udazkenean EAEn ama izan zirenen %22,2 atzerritarrak ziren; Araban %32,3 —erkidegoko portzentaiaren oso gainetik—, Bizkaian %19,7 eta Gipuzkoan %20,6. Jaiotzak lurralde guztietan gutxitu ziren urte artekoari erreparatuz gero: Araban 772 ume jaio ziren 2016ko urri, azaro eta abenduan (%1 jaitsita), Bizkaian 2.199 (%6,8ko beherakadarekin) eta Gipuzkoan 1.389 (%8,3ko jaitsierarekin).
Ama direnen artean 30-34 urte bitarteko taldea da nagusi, alde gutxiz, tarte horretakoak baitziren erditu zutenen %36,5. Ondorengoa, goragoko taldea izan zen, 35-39 urte artekoa, erditzeen %34,9rekin. Askoz urrutiago geratu ziren gainerako adin taldeak: 25-29koek erditzeen %13,1 izan zituzten, 40 urte baino gehiagokoek %10,1 eta 25 urtetik beherakoek %5,4 baino ez. Ama izateko adina dezente aldatzen da nazionalitatearen arabera, atzerritarren bataz bestekoa 31 urtekoa izan zen artean, bertokoena 34,2koa izan zelako.
Bestalde, 2016ko laugarren hiruhilekoan ezkontzaz kanpo jaiotakoak %45 izan ziren, urtebete lehenagoko tarte berean baino 2,1 puntu gehiago. Jaiotza-hurrenkeraren arabera, erdiak baino gehiago, 2.265 (%51,9) lehenengo seme-alabak izan ziren euren etxeetan; 1.610 (%36,9) aurretik beste bat bazegoen familietara iritsi ziren, eta 485 (%11,1) hirugarren edo ondorengo seme-alabak izan ziren. Jaiotzak hilabeteka aletuta, urrian 1.604 izan ziren, azaroan 1.373 eta abenduan gainerako 1.383ak.
Urte osoari dagokionez, 18.204 haur jaio ziren Euskadin, aurreko urtean baino 647 gutxiago (-%3,4). Lurraldeka, Gipuzkoan 378 jaiotza gutxiago izan zituzten (-%5,9), Araban 86 (%2,7ko beherakadarekin) eta Bizkaian 183 (%2 atzera egin ostean).
Euskadiko Gazteariaren Kontseiluak iaz jakinarazi zuenez, azken hamabost urteetan gazteen kopurua ia erdira jaitsi da hiru lurraldeetan. Zehazki 448.000tik 290.000ra pasatu da zenbateko hori, eta datu hao "oso kezkagarria" dela iritzi zion talde horrek. Eta ez da gutxiagorako, azken urteotako inmigrazioak ere ezin duelako gerarazi etengabeko galera adierazten duen oso aspaldiko joera hori.

Iaz 2015ean baino 647 haur gutxiago jaio ziren Euskadin.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes