domingo, 28 de mayo de 2017

Ibilaldia 2017, gaur Mungian

'Egunero alkarregaz' goiburupean egingo da gaur Mungian Ibilaldia 2017, Bizkaiko ikastolen urteroko jai handia. Honakoan, herri horretako Larramendi ikastolari egokituko zaio antolaketa lana, sortu zeneko mende erdia betetzen duenean. Ez da horretan diharduen lehen aldia, 1998an ere bertan ospatu baitzen Ibilaldia. Iaz Durangon egindakoari jarraipena emateko asmoa agertu dute antolatzaileek, erasorik gabeko jaia izan dadin "begirada zorroztuta eta belarriak erne izanda". Eragile moreak ariko dira horretan, eraso sexistak eta jarrera desegokiak atzeman eta ekiditeko bolondresak hain zuzen.
Bestalde, ingurumera zaintzeko ahalegin berezia egingo dute antolatzaileek, honakoetan bildutako jende andanak horretan eragiten duelako. Erabiliko dituzten ibilgailuak elektrikoak dira, mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko, eta garraio publikoan bertaratzeko dei berezia egin dute. Hondakinen kudeaketari dagokionez, birziklatzearen aldeko apustua aldarrikatu da Larramendi ikastolatik, eta edukiontzi ezberdinak jarriko dira ibilbidean zehar. Ur eta argi-indar gutxiago erabiltzeko konpromisoa ere hartu dute.
Ibilaldian musika, jokoak, ikuskizunak, tailerrak, kirola, dantza, animaliak, literatura eta abar luze bat bilduko dituzte antolatzaileek, egitaraua herritarra, parekidea eta parte-hartzailea izan dadin saiatu baitira. Gazteen inplikazioa lortzekotan, Erronka deritzan proba egitekoak dira, gainera. Bere helburua 14-16 urte arteko gazteek gaurkoan parte-hartze aktiboa izatea da, eta hainbat probaren bitartez saiatuko dira.
Prestatu den ibilbideak Mungia eta Larramendi ikastola batuko ditu, herriko bidegorria ardatz hartuta. 5,7 kilometroko tartean lau gune izango dira: Egunero izenekoa, Larramendi ikastolan bertan; Erdu deritzana, Iturbaltzagako auzoan; Alkarregaz, Atelan; eta Jaio, Mungiako erdigunearen hasieran. Guzti hori girotzeko, bideoklipa prestatu zuten otsailean Larramendi ikastolan bertan, Karlos Trijuekeren zuzendaritzapean. Itziarren Semeak izeneko talde mungiarrak jarri dio musika, eta Taket bertsolari taldeko kideei, Mikel Goirienari eta Jone Larrinagari dagokie letraren ardura.
Goizeko 9:30etan ekingo zaio hasierako ekitaldiari, eguneroko guztiari ateak zabalduko dizkionari. Larramendi ikastolan bertan egingo da, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta herri zein ikastola mailako agintariak bertan direla. Ikastolak 50 urte betetzen dituenez, lehen promozioko ikasle izandakoek ebakiko dute zinta. Antolatzaileen esanetan, ikasleak izan dira beti euren lanaren ardatza eta horregatik nahi izan dute horiek izatea protagonista baita Ibilaldiaren hasieran ere. 11:15etan bigarren ekitaldi bat da egitekoa Larramendi ikastolan. Ordu erdiko tartean, Larramendikoek lekukoa emango diote datorren urtean antolatzaile lanetan ariko den Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolako ordezkaritzari.
Euskararentzat egun berezia da, beraz, gaurkoa. Bere aldeko konpromisoa berrestekoa eta egunerokora eramatekoa. Ikastolek lan paregabea egin dute luzaroan, garairik zailenetan ere, eta eurei zor zaie euskara biziberritzeko lortutakoaren zati handi bat. Mungian, aldarrikapena eta ezagutza erabilerarekin uztartzeko asmoa nagusituko da egun osoan zehar.

Goizeko 9:30etan ekingo zaio Larramendi ikastolan irekiera ekitaldiari.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes