jueves, 4 de mayo de 2017

EAEko herritarren herenak ei daki ingelesez

Mundu globalizatuan gero eta funtsezkoagoa da bateko eta besteko hizkuntzak ezagutzea, eta belaunaldi berriak gero eta prestatuago datoz baita alde horretatik ere. Eusko Jaurlaritzak arlo honetan egoera zein den neurtu nahi izan du, horretarako inkesta bat eginez, atzerriko hizkuntzen ezagutza eta ikasketei buruzkoa hain zuzen. Elkarrizketatuen %35ek esan duenez, badaki ingelesez 'hitz egin eta idazten'. Baina beste hizkuntzei buruzkoak ere jakin gura izan dira. Hala, %11k frantsesez omen daki, %2k alemanieraz, %1ek portugesez eta italieraz, eta beste %2k beste hizkuntzaren bat —galegoa, kataluniera, errusiera, txinera, poloniera edo besteren bat—. Aurreko emaitzak 2011koak ziren, eta ordutik ingelesaren ezagutzak apur bat egin du gora, duela sei urte %32koa zelako. Frantsesa, aldiz, berdintsu dago.
EAEko biztanle gehien-gehienek, %95ek, uste dute atzerriko hizkuntzaren bat ezagutzea garrantzitsua dela. Ildo horretatik, %68ren iritziz euskal hezkuntza sistemak atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari garrantzi 'handia' edo 'nahikoa' ematen dio, aurreko ikerketan baino hiru puntu gehiago. Laurden batek baino ez du uste garrantzi 'txikia' edo hutsaren hurrengokoa ematen zaionik. Euren lan bizitzan edo ikasketetan herritarren %73 ez da sentitu kaltetua edo okerreko egoeran atzerriko hizkuntzarik ezin hitz egiteagatik, baina %26k, ostera, bai sentitu dutela hori.
Azterketa honen helburu nagusia EAEko herritarrek atzerriko hizkuntzen ezagutza eta ikasketari ematen dioten garrantzia zenbaterainokoa den zehaztea izan da, euren ezagutza maila, erabilera eta gaur egun ikasten ari direnen egoerari erreparatuta. Landa lana apirilaren 6an eta 7an egin zen, eta mila lagun elkarrizketatu ziren horretarako, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarik jakinarazi dutenez.
Euskadin gehien ezagutzen diren hizkuntzak ingelesa eta frantsesa dira, nahiz eta horien arteko portzentaiak oso ezberdinak izan. Ingelesari dagokionez, 18-29 urte bitarteko %78k 'hiz egiteko eta idazteko' gaitasuna dute, baina 30-45ekoen artean %46 baino ez dira. Adinak gora egin ahala, ezagutza mailak behera jotzen du: 46-64 urte artekoen %15 da gai ingelesez jarduteko, eta 65 urte edo gehiagoko %8. Ikasketa maila, klase soziala eta gurasoen atzerriko hizkuntzen ezagutzaren portzentajearen araberakoa da ingelesaren eta frantsesaren ezagutza.
Atzerriko hizkuntzaren bat 'hitz egiten eta idazten' edo 'soilik hitz egiten' dakitela diotenen artean, dezente txikiagoa da elkarrizketa batean euren iritzia zehatz, argudioz jantzita eta besteen iritziei kontrajarriz adierazteko gai direnen zenbatekoa: portugesa dakitela diotenen %69 gai da, italierazkoen %61, ingelesezkoen %56, alemanierazkoen %46, frantsesezkoen %43 eta beste hizkuntzaren bat dakitenen %68.
Erabilerari dagokionez, elkarrizketatutakoen %44k ez daki atzerriko hizkuntzarik, 2011n %48 ziren artean. Ingelesa da gehien erabiltzen dena, %43 omen darabilelako, eta oso urrun datoz segika frantsesa (%10) eta beste hizkuntza (%3). Lurraldeen artean bada bereizketarik. Izan ere. frantsesaren erabilera Gipuzkoan beste lurraldeetakoaren ia bikoitza da (%15 eta %8).
Azkenik, herritarren %8k dio egun hizkuntzaren bat ikasten dabilela, eta %77k hizkuntzaren bat ikasteko gogoa erakutsi du. Baina badago %13 bat ikasten ez dabilena eta horretarako gogorik ere ez duena. Honakootan ez dago alderik 2011ko emaitzekin alderatuta.

EAEko biztanleen %77 atzerriko hizkuntzaren bat ikasteko gogoz dago.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes