martes, 16 de mayo de 2017

Birziklapen kanpaina jarri du abian Aldundiak

Aldundiak dei egin die bizkaitarrei hondakin gutxiago sortzeko eta hondakinen birziklapena eta berrerabilera sustatzeko. Iaz 605.000 tona hondakin bildu ziren lurraldean, horietako 247.000 gaikako bilketa baliatuta, eta birziklapen tasa %43,78koa izan zen. Hala, azken lau urteotan hondakin nahasien bilketa %3,25 murriztu da. Baina hainbat helburu daude oraindik betetzeke. Horregatik aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 17,6 milioi eurotik gora bideratuko ditu hiri hondakinen birziklapena kudeatzeko, eta maiatzaren 15 honetan burutu da horri begirako lehenengo ekintza. Bilboko Kale Nagusia eten zen, galtzadara bilgarri mordoa botaz —lau mila biztanleko herri batek egunean sortzen duen kopurua alegia—, eta bilgarri horien bilketan parte hartzeko eskatu zitzaien herritarrei.
Horrela, kontzientziazioa bultzatu gura da, birziklapenaren garrantziaz ohartaraztea. Ostean beste hainbat urrats egingo dira, udalentzako sariketa bat, birziklapenari buruzko informazio lantegiak karpape batean jartzea, foodtruck bat hondartzetara eta herrietako jaietara eramatea edo birziklatzeko eramaten diren bilgarrien truke kafeak doan banatzea, besteak beste.
Aldundiaren kanpaina honek 'Gero Arte. Birziklatu eta atzera itzularazi' du goiburutzat, eta birziklapen tasa %65era igotzea xede. Europar Batasunak 2015eko abenduan onetsitako ekonomia zirkularraren paketean 2030erako ezarri zituen helburuak bete nahi dira horrela. Ahaldun Nagusiaren irudiko, "Bruselatik proposatzen duten ekonomia zirkularraren ereduak bultzada emango dio lehiakortasunari, hazkunde iraunkorra sustatuko du eta lanpostu berriak sortzen lagundu". Aldi berean, "tokiko eremuari dagokionez, gehiago birziklatzean udalen eta mankomunitateen gastua gutxituko da. Eta horietan gutxiago gastatuta, funts gehiago bidera daitezke beste zerbitzu publiko batzuetara. Birziklatzea apustu zentzuduna eta egin beharrekoa da, ezinbestekoa lurralde moderno eta arduratsua izan nahi badugu", esan du Unai Rementeriak.
2014ean behera egin ondoren —%40,82ra jaitsi baitzen—, birziklapen tasa berriro igo da, ia hiru puntu iaz. Gaikako bilketari buruzko datuen arabera, paperaren eta kartoiaren frakzioa da handiena (776.608 tona paper eta kartoi bildu ziren), eta ondoren beirarena (25.355 tona). Bilgarri arinen kasuan, aldiz, iaz 15.961 tona bildu eta birziklatu ziren guztira, eta horregatik Aldundiak ahalegin berezia egingo du arlo horretan, nahiz eta asmoa frakzio guztietan hobera egitea den. Gainerako hondakinen frakzioa —birziklatzen ez direnena— txikitzen ere ahalgin berezia egingo da, azken lau urteotako joerei eusteko. Hondakin horien bilketa 369.252 tonakoa izan zen 2013an, eta 356.631koa iaz, %3,25 gutxitu ondoren.
Bizkaiko biztanleen %100ek dute gaikako bilketa eskura eta horrek erraztu egiten du gehiago eta hobeto birziklatzeko helburua. Ildo horretatik, Foru Aldundiak birziklapen sisteman urtero egiten dituen inbertsio handiei etekina ateratzeko dei egin zaie herritarrei lurraldeko erakundetik. Aurten, esaterako, ekarpen hori 17,6 milioi eurokoa izango da. Inbertsio horiei esker, Bizkaiak hondakinen tratamendurako dituen azpiegiturek hondakinen kudeaketa egokia ahalbidetzen dute eta bilketa-sistemaren osagarri dira.

17,6 milioi eurokoa izango da aurten Foru Aldundiak birziklapen sistemarako baliatuko duen inbertsioa.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes