Espainia da umeen txirotasunari dagokionez Europako Batasuneko (EB) maila handienetakoa duena eta, hala, hirugarren herrialdea da, Errumania eta Greziaren ostean, bai pobrezia erlatiboan zein 'egonkortuan', umeen %40 baitaude egoera horretan. Gainera, 2008 eta 2014 arteko epean bederatzi puntu egin du gora arazo horrek. Horrela dio egunotan Unicef-ek plazaratu duen txostenak, herrialde aberatsetako umeen pobrezia zein egoera horretan krisi ekonomikoak eta austeritateak nola eragin duten aztertzen duenak. Pobrezia 'egonkortuak' epe ertain eta luzera populazio baten ongizateak zenbateraino hobera edo txarrera egiten duen neurtzen du, pobreziaren marra urte zehatz batean ezartzen duelako (2008an, honakoan), adierazlearen eboluzioaren nondik norakoak ezagutzeko.
Espainiari dagokionez, Unicef-ek dio pobrezia 'egonkortua'k umeen populazioaren ia %40a harrapatu duela jada. Horrekin batera, umeen pobrezia 'latz' handia nabarmentzen du, eta desberdinkeriak gora jo duela, umeen pobrezia orotara nabarmen hazi den arren batik bat —%56— ume pobreenak dituzten etxeetan areagotu delako, hau da, hilean 700 euro baino gutxiagorekin edo urtean 8.400 euroren azpitik lau lagun (2 heldu eta 2 ume) bizi direnetan.
Letonia eta Zipreren ostean, 65 urtetik gorakoen eta umeen babes sozialaren arteko diferentzia gehien hazi den hirugarren herrialdea da Espainia, krisialdian askoz eraginkorragoa izan delako zaharrei emandako babesa haurrei emandakoa baino. Unicef-ek Espainiako Urteroko Kontabilitate Nazionalaren datuak baliatzen ditu 2009 eta 2015 urte artean familien eta umeen babes sozialerako inbertsioa 11.500 milioi eurotan jaitsi zela adierazteko. Gainera, erakunde horrek dioenez, umeak dituzten etxeek, familia ugariek, guraso bakarrekoek eta nerabeek bereziki jasan dute pobreziaren eragina.
Krisiari erantzuteko Espainiak baliatutako politikei buruz, nazioarteko erakundearen ustez deigarria da "umeen pobrezia desagertarazteko izandako gaitasun txikia". "Babes sozialeko politiken multzoa oso zatikatua izan da, umeei gutxi zuzendua, eta ez da behar bezain bidezkoa izan", nabarmendu du Unicef-ek komunikatu batean. Horren irudiko, besteak beste, Gizarte Segurantzari egindako kontribuzioei atxikitako laguntzekin oso lotuta egon izana da horren arrazoietako bat, eta familiei emandako laguntzetako asko zerga-arintzeak izatearekin, baliabide gutxiagoko etxeetako askok ez baitiote horri onurarik ateratzen. Espainian "umeei eskainitako babes sozial eskasa" hobetzeko, norbere karguko seme-alaba bakoitzeko laguntza "askoz eskuzabalagoa" proposatzen du, eta askoz multzo zabalagoari eragitea, baita unibertsalari ere, Unicef-en Espainiar Batzordeak 2014tik eskatu duen legez.
Krisiak umeen artean izan duen eraginari buruzko nazioarteko lehen txosten honen arabera, haurren pobreziak gora egin zuen herrialde aberats gehienetan 2008tik 2014ra artekoan. Hala, krisi ekonomikoak eta ondorengo austeritateak gordintasun bereziz kolpatu zituzten umeak, Europako herrialdeen bi herenetan umeen pobrezia handitzeraino. Hazkundea 15 puntutik gorakoa izan zen Zipre, Islandia eta Grezian, eta 7 eta 9 puntu artekoa Hungaria, Italia eta Espainian. Europako herrialde bakar batek ere ez zuen familiei emandako laguntzen gastuaren batazbestekoa handitu, eta bi herenek gastu 'per cápita' ere txikitu zuten, pentsioen prestazioak 2010 eta 2013 bitartean modu orokortuan igo ziren bitartean.
![]() |
Krisi ekonomikoak eta ondorengo austeritateak umeen pobrezia handitu dute Europako herrialdeen bi herenetan. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.