viernes, 7 de abril de 2017

Ingurumenaren eta iraunkortasunaren izenean

Zalantzarik batere ez gero, fracking sistemaren eta energia nuklearraren erabilpenak CO2 isuriak gutxitzen dituela. Datu objektibo honek ez du esan nahi, besterik gabe, fracking-a eta nuklearra direnik energia-iturrik onenak, baina, nahiz gustatu ez, datua ukatzea edo ezkutatzea ere ezin izango dugu soluziorik onenetakotzat jo.

Europan sarri salatu izan ohi dugu Ipar Ameriketako Estatu Batuen ingurumenarekiko konpromisorik eza, guk hemen horrenbeste baloratzen dugun Kyotoko protokoloa sinatu nahi ez izategatik. Baina, Washington-eko gobernuaren sinatu nahi ez izanak egiari zorrik ez badio ere, nekez ukatu ahal izango dugu europarrok beste errealitate hau, alegia: azken hamarkadan,  Kyotoren aitzakirik gabe ere, Estatu Batuek Europak baino gehiago murriztu dituztela isuriak.

Europako zenbait gizarte-sektoretan  fracking-a aipatzea besterik ez dago mortalak eta bi entzun ahal izateko han-hemenka; baina, gustatu ala ez,  fracking-ari esker, EEBBetan CO2 isuriak gutxitu egin dira eta energiaren prezioak nabarmen merketu, honen “berdea” omen den gure Europa honetan isuriak hazi eta prezioak igo egin diren bitartean.

Europako kontraesanen adierazgarri da Alemanian gertatua. Batetik, komunikabide guztietan albiste on eta pozgarri moduan agertu da Merkelek zentral nuklearrak ixteko hartutako erabakia. Baina, bestetik, mundu guztiak ez ikusi egin du, ikatzaren erabilpena gehitu behar izan denean. Denok dakigu ikatza dela iturri energetikorik kutsakorrena eta jakinekoa da Alemaniako energia-kontsumoaren %40 ikatzetan oinarritzen dela, baina jendeak ostrokarenak egiten ikasi du.

Honezkero ikatza zikinena eta garestiena delakoan, Estatu Batuetan ikatz-meatzeak ixten ari diren bitartean, Alemanian meatzarien sindikatuek defenditzen dituzte ikatzaren abantailak eta Espainian, berriz, argiaren faktura garestian ordaintzen ditugu lanik gabe geratu diren meatzarien ordainsariak. Denok, hori bai, arrazoi batez zein bestez, ingurumenaren eta iraunkortasunaren izenean.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes