sábado, 22 de abril de 2017

Enpleguak gora egin du euskal industrian

Sei urtez beheraka joan ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko industrian lan egiten dutenen zenbatekoak gora egin zuen iaz. Zehazki, Eustaten arabera, 2015ean 194.458 pertsona ari ziren arlo horretan, aurreko urtean baino %1,1 gehiago. Balio Erantsi Gordinean, faktoreen kostuetan hain zuzen, hazkundea %3,4koa izan zen, urtebete lehenagoko %1,2ko gorakadaren gainetik. Euskal industriaren produktibitatean, aldiz, enplegatuko balio erantsiari dagokionez neurtuta, 69.652 eurotan finkatu zen, %2,3ko gehikuntza izan ostean. Inbertsioak ere gora jo zuen epe horretan. %7,5, hain justu. 2014ean, dena den, nabarmen jaitsi zen et oraindik krisiaren aurreko urteetako mailatik urrun dago. Negozio zifra garbiari dagokionez, iaz %1,7ko beherakada nominala izan zuen. Hornikuntza eta kanpo zerbitzuetako gastuak gehiago jaitsi direnez, apaldu egin da negozio zifraren beherakada, balio erantsiaren hazkundea erraztuz.
Industriari eta energiari lotutakoetan manufaktura industriak merezi du aipamena, berea izan baitzen aurreko urtean okupatu guztien %95,6, negozio zifraren %84,2 eta balio erantsi gordinaren %88,6. Horrez gain, arlo horretan okupatuak %1,3 gehitu ziren eta balio erantsia %6,5, salmentak %1,2 jaitsi ziren arren. Manufaktura industria horretan, garraio materialen zein makineria eta ekipoen adarretan enplegua  %1,7 eta %2,3 hazi zen, hurrenez hurren. Bi horietan salmentek %8,5 eta %8,7 egin zuten gora eta balio erantsiari dagokionez hobekuntza %11,2 eta %7,2koa izan zen. Fakturazio jaitsieran izan zituztenak kokeriak eta petrolio fintze arloa (-%18,8), metalurgia eta produktu metalikoena (%-2,7) eta material eta ekipo elektrikoena (-%11.4) izan ziren. Azken honetan, enplegua %4,5 gutxitu zen,eta balio erantsia %16,6an. Metalurgian, aldiz, enpleguak apurtxo bat egin zuen gora (%0,9), baina balio erantsiak puntu bat galdu zuen.
Iaz atzerrirako salmentak euskal manufaktura industriaren %43,9 izan ziren, aurreko urtean baino %0,7 gehiago, baina 2008an krisia hasi zen momentuan baino %10,9 gehiago. Salmenta osoen %28,1 Europar Batasunera joan ziren, eta %15,9 hortik kanpoko munduko gainerako herrialdeetara. Bestelakoa Estatura bideratu zen. Salmenta hauek %1,1 hazi ziren, baina hala ere 2008koak baino %7,5 puntu azpitik daude oraindik. 2015ean, salmenta guztien %29 egin ziren Estatuan, eta EAEn bertan, berriz, %27. Hau da, 2014an baino %1,8 puntu gutxiago, eta 2008koaren %3,4 azpitik.
Industria eta energia arloetako produktibitaterik handienak produktu farmazeutikoek (pertsonako 126.000 euro) eta erauzketa industriak (98.000) izan zituzten. Zerrendatik at utzi dira energia elektrikoa, gasa eta lurruna (596.000) eta kokeriak eta petrolio fintzea (391.000). Produktibitate mailarik txikiena izan zutenak ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (37.000) eta altzariak eta beste manufakturak (44.000) izan ziren. Manufaktura industriaren bataz bestekoa 63.127 eurokoa izan zen, 2014an baino %5,1 gehiago, Industria eta energian, osorik, 69.645ekoa izan zen kopurua, %2,3 gehiagokoa.

Atzerrirako salmentak euskal manufaktura industriaren %43,9 izan ziren. 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes