viernes, 28 de abril de 2017

EAEko gazteen ia %40 lanean ari da

Euskal gazteen langabezia tasa beheraka ari da, eta dagoeneko 2010. urtekoaren pare dago. Hala dio Gazteen Euskal Behatokiak EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen jarduera, okupazio eta langabezia tasak aztertzeko Maiatzaren 1eko Lanaren Nazioarteko Eguna dela-eta egin berri duen azterketak. Horretarako, Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) deritzan inkestaren datuak baliatu dira, adin tarte horri dagozkionak. Eustat da hiru hilean behin hori prestatzen duena. Eta ezagutzera emandakoaren arabera, 2017ko lehen hiruhilekoan 16 eta 29 bitarteko euskal gazteen %39,3 ari da lanean.
Jarduera tasak adierazten duena zera da: adin talde batean zenbat pertsona ari diren lan egiteko moduan. Hala, lanean daudenak eta lan bila dabiltzan langabetuak sartzen dira multzo horretan, eta dagokion adin taldeko biztanleria osoaren arabera kalkulatzen da zenbatekoa. Aurtengo lehen hiruhilekoan Euskadiko gazteen jarduera tasa %48,4koa da; hau da, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko ehuna gaztetatik ia 48 lanean ari dira, edo lan egiteko moduan daude eta lan bila dabiltza. Datu horiek aintzat hartuta, Euskadiko gazteen jarduera tasa beherantz joan da azken urteotan. Izan ere, 2006an %59,2koa zen eta %48,4koa orain. 16 urtetik gorakoen jarduera-tasak ez du gorabeherarik izan azken urteotan, gazteenak ez bezala, eta gaur egun %56koa da.
Okupazio tasari dagokionez, adin tarte batean lanean dauden pertsonen ehunekoa zehazten du; eta EAEko gazteen enplegu-tasa %39,3koa da orain, esan bezala. Okupazio tasak 2016ko bataz bestekotik bi puntu gora egin du eta horrek, zenbaki absolutuetan, esan nahi du 104.600 gazte lanean ari direla. Okupazio tasa altuagoa da Gipuzkoan Araban baino (%40,4 eta %37,8, hurrenez hurren) eta Bizkaia, aldiz, Euskadiko bataz bestekoaren pare dago (%39,1). Sexuen arteko banaketan, gizon gazteen okupazio tasa neska gezteena baino handiagoa da (%41,4 eta %37,3) hurrenez hurren, azken urteotako joeraren eraldaketaren eraginez.
Langabezia tasak lanik izan ez baina lan egiteko moduan dauden eta lan bila aktiboki ari diren pertsona aktiboen ehunekoa zehazten du, azken lau asteetan lana bilatzeko zeozer egin dutenak aintzat hartuta. Hor ez dira sartzen ez ikasleak eta ezta lan egin ezin duten ezinduak ere. Eta hori horrela izanda, euskal gazteen oraingo langabezia tasak nabarmen egin du behera 2015ean hasi zen joera baliatuta. Hiruhileko honetan, gazteen langabezia tasa %18,7koa da, hau da, 24.000 gazte daude egoera horretan. Duela hamar urtetik lehen aldiz, emakume gazteen langabezia tasa gizon gazteena baino altuagoa da. Zehatz esanda, neskena %19,7koa eta gizonezkoena %17,8koa. Lurralde historikoei dagokienez, Gipuzkoako langabezia tasa nabarmen da baxuagoa (%16,6), Bizkaikoa (%19,7) eta Arabakoarekin konparatuta (%20,2koa).
Gazteen langabezia tasa biztanleria osoarenarekin konparatuz gero, azken hamarkadan ez bezala gazteenak ez du biztanleria osoarena bikoizten (azken hau %11,4koa delako). Bi adin taldeen arteko tartea 7 puntukoa da gaur egun. Eta EAEko gazteen langabezia tasa Espainiakoenarekin alderatuz, azken hauen egoera dezente txarragoa dela ondorioztatzen da, Estatu mailan gazteen langabezia tasa %31,7koa baitzen iazko laugarren hiruhilekoan, euskal gazteek orain dutena baino 13 puntu gehiago.

Euskal gazteen langabezia tasa Espainiakoa baino 13 puntu txikiagoa da.
 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes