lunes, 10 de abril de 2017

Dena prest 2016ko Errenta eta Ondare aitorpena egin ahal izateko

Errenta aitorpena egiteko kanpaina gero eta gertuago dago, eta Bizkaiko Foru Aldundia errenta gakoak bidaltzen ari da jada. Gako hori beharrezkoa da www.bizkaia.eus/renta web orrian datu fiskalak kontsultatzeko, aitorpena internet bidez aurkezteko edo banku-erakundeetan egiteko. Guzti horretarako, astelehen honetan 685.185 gako bidali ditu Ogasunak, zergadunek 2016ko Errenta eta Ondare aitorpenari dagozkion hainbat izapide egiteko aukera izan dezaten. Gakoa jasotzeko sistema zergadunek eurek aukeratu ahal izan dute: 587.622 postaz iritsiko zaizkie hala gura izan dutenei datozen egunotan. Horiek hartzaile guztien %86 dira. Baina bestelako sistemarik ere badago. Hala, gainerako %14tik, 74.068 sakelako telefonoetara bidaliko dira, 15.965 posta elektroniko bidez eta 7.537 jakinarazpen telematikoak baliatuta.
Kanpaina hasteko hiru aste falta dira oraindik, baina zergadunek aste santuaren aurretik izango dute lehenago aipatutako web orrian datu fiskalak kontsultatu eta deskargatu ahal izateko kodea. Zerbitzu hori hilaren 18an aktibatuko da, dena den. Kanpaina hasitakoan, gakoa ezinbestekoa izango da aitorpena internetez aurkezteko edo kanpaina honetan Foru Ogasunak dituen finantza-erakunde laguntzaileen 300 bulegoetako edozeinetan osatzeko. Gainera, kode hori beharrezkoa da hirugarren bati baimena emateko aitorpena zergadunaren izenean internet bidez aurkezteko. Gakoa isilpeko informazioan sartzea beharrezkoa denean —datu fiskaletan, esaterako—, kontu handiz erabiltzea aholkatzen du Foru Ogasunak, norbere datuen segurtasuna bermatzeko asmoz.  
Inork errenta gakorik jaso ez badu, goragoko web orrira jo dezake eskatzeko eta, bestela, 901 50 3000 telefono bidezko arreta zerbitzua ere badu horretarako. Ogasunaren edozein bulegotan eskatzea da beste aukeretako bat. 2016. urteari dagokion Errenta eta Ondare kanpaina maiatzaren 2an hasi, eta ekainaren 30ean amaituko da. Dena den, martxoaren 27an hasi zen Aldundia berak egindako 336.000 aitorpen-proposamenak bidaltzen, modu horretan zergadunei tributu-betebeharrak betetzen laguntzeko. Ogasunaren arabera, 566.000 aitorpen izapidetuko dira, eta horietatik %72 itzultzekoak. Bataz beste zergadunek 1.002 euro jasoko dituzte kalkulu horien arabera. Ordaintzeko aitorpenen kasuan, aldiz. 1.794 euro ordainduko dira, bataz beste. Kopuruok iazkoen antzekoak dira, gorabehera handirik gabekoak. Ondareari dagokionez, 6.870 aitorpen aurkeztuko direla espero da, 74,8 milioi eurokoak guztira, iazkoan jasotakoarekin konparatuta %12ko igoera ahalbidetuko dutenak.
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak gogora ekarri duenez, errentaren kanpaina "urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa da, Ogasunean dihardugun guztioi ahalegin handiagoa eskatzen digulako Bizkaiko zergadunek euren tributu-betebeharra burutzeko behar duten arreta mailari eusteko". Aurtengo berrikuntza modura, Foru Aldundiko arduradunek Renta Etxean deritzan proposamena 10.000 autonomori bidaliko zaiela aipatu dute. Kanpainari buruzko zehaztasunak nahi dituen orok web orrira edo informazio telefonora jo dezake, eta Facebook-en zein Twitter-ek Ogasunak dituen kontuetara. Helburua ahalik eta informazio aukera handiena eskaintzea da, zergadun orok inolako zalantzarik izan ez dezan. Ez dago aitzakiarik, beraz, hiritar guztiei dagokien betebehar horri ez ekiteko.

Errentaren kanpaina maiatzaren 2tik ekainaren 30era bitartean luzatuko da.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes