martes, 4 de abril de 2017

Bizkaiko kirol federatuan euskararen erabilera areagotzeko plana, abian

Kirol sistema federatuan euskararen erabilera normaltzeko bidean urratsak egiteko plana plazaratu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, 'Bizkaian Kirola ere Euskaraz' deritzan egitasmoa baliatuko da, kirolaren esparruan hainbat ekintza burutu eta hizkuntza sustatzeko. Aurreko astean azaldu zuen Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbaok zeintzuk diren planaren ardatz nagusiak. Bere berbetan, helburuak "kirolaren ohiko jardueretan euskararen erabilera indartzea, kirola eta euskara batzea, kirolaren eremuan ere hizkuntza ofizial bien presentzia orekatzea eta euskara kirolean hizkuntza bizia izatea" dira. Proiektu hau bere sailaren ildo estrategikoen artekoa da, kirolak bere dituen estrategiak —indarrak batzea eta talde-lana— hizkuntzaren normalizazio prozesuan ere funtsezkoak direla iritzita.
Aipatutako planari heltzeko, Aldundiak eta federazioek euskarak kirol-modalitate bakoitzean duten presentzia aztertzeko diagnostikoa egingo dute, eta azterketa hori egiteko erakundeak laguntza teknikoa jarriko du bigarrenen esku. Diagnostikoa egin ondoren, federazio bakoitzak Aldundiarekin batera erabakiko du zein neurri diren egokienak, bere errealitatea aintzat hartuta, eta nola egituratuko dituen epe ertaineko jarduera-plan batean.
Guzti horretarako, komunikazioa izango da garatu beharreko alde garrantzitsuenetako bat, kanpokoa zen barrukoa, lortu gura delako kirolaren munduan egin ohi diren komunikazioak hizkuntza ofizial bietan egitea. Izan ere, zera bermatu nahi da: federazio batekin izaten den lehen harremana euskaraz izantea. Ziurtatu nahi da euskara federazioetan sare sozialetan, web guneetan, komunikazioetan eta dokumentazioan dagoela. Baita euskara prestakuntzan, entrenamenduetan eta bazkideekiko harremanetan erabiltzea ere. Gainera, euskararen erabilera lurraldean egiten diren kirol ekitaldi eta lehiaketetan handiagoa izatea da planaren beste xedeetako bat. Gaur egun, oraindik ez da horrelakorik gertatzen, eta egoera horri buelta eman nahi zaio Aldunditik.
Honela, Foru erakundeak laguntzen dituen eremuei beste estrategia bat gehituko zaie, euskararen erabilera kirolaren munduan ere sustatzea. Datozen hilabeteotan, federazioek eta parte hartzea erabakitzen duten klubek, Aldundiaren laguntza jasota, zenbait konpromiso hartuko dituzte. Hizkuntzaren erabilera sustatzeko neurri zehatzak izango dira horiek, entitate bakoitzaren oraingo errealitatean oinarritutakoak, noski. Horretarako azken epea 2018-19 denboraldiaren amaiera izango da.
Tarte horretan Aldundiaren eta lurraldeko kirol federazioen arteko ohiko lankidetzarako bideak zehaztuko dira. 'Bizkaian Kirola ere Euskaraz' plana abiarazteko, foru erakundeak Bizkaiko Kirol Federakundeek Elkartearekin, Alkarbide bilgunearekin eta Eusportekin egingo du lan estu-estu. Egitasmoaren aurkezpena martxoaren 30ean egin zuten Lorea Bilbao, Ana de Castro, Carlos Sergio —azken bi hauek euskara eta kirolaren arloetako arduradun nagusiak dira, hurrenez hurren— eta 'Euskara Bizia' batzordeko zenbait kidek. Horretarako, Bizkaiko kirol federazioekin bildu ziren, Miribillako Kirol Etxean. Azalpenak eman zituzten bertan, planari buruzko xehetasunak. Aurrerantzekoa erantzunak eta ekarpenak jasotzeko aldia da, lankidetzarako ekitekoa.

Atxikitzen diren federazioek eta klubek zenbait konpromiso zehatz hartuko dituzte euskararen erabilera sustatzeko.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes