sábado, 11 de marzo de 2017

Hiruzpalau urte barru amaituko da Euskararen Egungo Hiztegia

Euskara gero eta gehiago zabal dadin era guztietako tresnak behar dira ezinbestean, eta horietako garrantzitsuenetakoak dira hiztegiak, egunerokoan erabiltzekoak. Azken urteotan urrats asko egin da arlo horretan eta egun baliabide ugarikoa da euskarazko hiztegigintza. Horietako baten baina ez edozeinen berri eman da aurreko ostegunean: Euskararen Egungo Hiztegia (EEH) deritzana euskara-euskara hiztegirik zehatzena izango da eta hiruzpalau urte barru amaituta egongo dela jakinarazi da. Lan horren atzean Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua ari da, Ibon Sarasola euskaltzaina buru dela.
Hiztegia amaitzeko ‘a’ eta ‘e’ hizkiak baino ez dira falta, baina horiek eman dezaketena hiztegiaren %20 izango da. Beste hizki guztiei dagokienez, orrazketa lanetan ari dira dagoeneko, Euskara Institutuaren Egungo Testuen Corpus Erraldoiak eskainitako informazioa abiapuntutzat hartuta. Aste honetan aurkeztutako B letra osatzeko urtebeteko lana behar izan da, guztira 6.532 sarrera, 17.765 sarrera gehi adiera, 56.595 adibide eta 95.927 hitz multzo bildu direlako.
Egitasmoa duela zortzi urte abiatu zen, Sareko Euskal Gramatikarekin (SEG) batera. Biok, eta beste asko, Interneten kontsulta daitezke doan. Amaituta ez dagoen arren, orain arte SEG da sarean dagoen euskal gramatikarik osoena. Astero gehitzen diote material berria, Euskara Institutuak sarera eramaten baititu bere lan guztiak, jendeak eskura izan ditzan.
Oraingoz, hiztegiak 56.425 sarrera ditu, 203.666 azpisarrera eta adiera, 419.886 adibide eta 342.925 hitz multzo. Material guzti hori paperera eramango baliz, letra xeheko 10.000 orrialde baino gehiago beharko lirateke. Ez da lan makala, beraz, egiten ari dena. Izan ere, behin amaitutakoan ez da bestelako hiztegirik sortu behar izango, berau etengabe gaurkotu besterik ez. Erabileran oinarritutako hiztegia izango da honakoa, XXI. mendeko testuetatik abiatu eta ereduzko erabiltzaileen testuak hautatuz landutakoa. Hala, erreferente izan dadin nahi dute egile eta bultzatzaileek.
Honelakoetan euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea da helburua, eta horretan ari da baita Bizkaiko Foru Aldundia ere. Hala, aurton euskarazko aldizkako argitalpenak plazaratzen dituzten merkataritza-elkarte, kooperatiba, enpresaburu, profesional eta irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuentzako diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu berri ditu. Zehazki, 400.000 euro ematea erabaki du foru erakundeak euskararen garapena eta normalizazioa bermatzeko neurrietakoa den honen bidez.
Deialdian parte hartzerik ez dutenen artean daude beste batzuen gehigarri baino ez direnak; erakunde edo sozietate publikoen, sindikatuen edo lanbide-elkargo, elkarte, fundazio edo antzeko erakundeenak; soilik hezkuntza edo kultur arloari lotutakoak; kirol aldizkariak; ikuskizun, denbora-pasa edo antzekoen gidak; eta argitalpen teknikoak edo espezializatuak eta gai monografikoetakoak. Foru dekretua Bizkaiko Aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hamar egun baliodunekoa izango da eskariak aurkezteko epea.  

Hiztegigintza oinarrizkoa da euskararen zabalkunderako.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes