Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri abiaraziko ditu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren sistema eguneratzeko. Hala jakinarazi du Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Pobrezia eragozteko laguntzen kudeaketa, kontrola eta informazioa hobetzea da helburua, eta prestazioak jasoko dituztenei tramiteak azkartzen laguntzea. Hala, Lanbidek etengabe gainbegiratuko ditu aipatutako laguntzak kudeatzeko jarduera-eredua eta lan-prozedura, dauden baliabideak optimizatzeko. Bide horretatik, erakunde horrek jarduera-protokolo bat sortuko du bertako langileen erasoren bat jasaten duten kasuetarako.
Aldi berean, iruzurraren aurkako talde bat eratuko da, eta bertan Barne Kontroleko, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentako, Informatika eta Komunikazioetako, Aholkularitza Juridikoko eta Tokiko Bulegoetako ordezkariek hartuko dute parte. Talde horri egokituko zaio erakunde guztian indarrean jartzekoak izango diren jarraibide zehatzak prestatzea. Ertzaintzaren jarduera-esparrua zabaltzeko asmoa ere badago, eraginkorrago aritzeko asmoz. Eta beste behin eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari Lanbiderekin koordinazioa areagotu eta informazioa gurutzatu ahal izatea, modu horretan jasotzaileen lan-jarduerako altak egiaztatu ahal izateko. Horrek egingo du posible, momentuon aldaketa horiek prozesatzean izaten den ondorioz jasotzaileek ez jasotzea jaso behar ez dutena.
Bestalde, udaltzaingoekin koordinatuta beste protokolo bat ezartzeko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. Horren bidez, beharrezkoa denean horiek egiaztatu ahal izango dute jasotzaileak deklaratutako tokian bizi direla eta deklaratutako bizikidetza-unitatea osatzen dutela. Horretarako, Lanbide eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila Euskadiko udal handienetako udaltzaingoekin eta Eudelekin akordioak lortzen ahaleginduko dira eta erakundeen arteko lantalde bat eratuko da. Horretan, gainera, Segurtasuna Koordinatzeko Segurtasun Saileko Zuzendaritzak ere parte hartuko du.
Aurrerantzean, Lanbide erabiltzen duten guztiek, ez bakarrik Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Etxebizitzarako Prestazio Osagarria jasotzen dutenek, identifikazio-sistema berria izango dute, errekonozitzeko hatz-markan oinarritutakoa, Jaurlaritzaren esanetan erakundearen baitan modernizazioa optimizatzea bilatzen duena. Beraz, Lanbiden edozein tramite egin ahal izateko hatz-marka erabiliko da identifikazio-metodo gisa. Eta, aldi berean, eskainitako zerbitzuak gehiago indibidualizatu ahal izateko, Lanbidek, edukiak eta prozedurak jasoko dituen jarraibide baten bitartez, jasotzaile bakoitzarentzat enplegurik eta prestakuntzarik egokiena zein den zehaztuko du, modu horretan jasotzaileak aktibatzea eta lan-munduan sartzea sustatzeko asmoz.
Artolazabalek jakinarazi duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko euskal sistemak pobrezia jaisteko balio izan du. Gaur egun, pobrezia-tasa erreala %5,7koa dela adierazi zuen sailburuak, 1996ko %8,7a baino txikiagoa. 1986an, aldiz, Euskadin errentak bermatzeko lehenengo programa onartu zen urtean, pobrezia-tasa %16,1ekoa zen.
![]() |
Hatz-marketan oinarritutako sistema ezarriko da Lanbiden, bertako tramite guztietarako. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.