viernes, 17 de marzo de 2017

Euskal enpresen %55ek fakturazioari eustea espero dute

Ekonomiaren ingurukoak dira herritarren kezka eta ardura nagusiak, azken urteotako krisi gordinaren ostean. Horregatik da hain garrantzitsua aurre begira adituek eta enpresek diotena, zer nolako argi-ilunak ikusten dituzten ezagutzea. Konfiantza enpresarialaren inguruko txosten batek dioenez, euskal enpresen %55,6k urteko bigarren hiruhilekoan euren fakturazioari eustea espero dute, eta %35,8k handitzea. Horrez gain, %78,8k egungo langile kopurua mantenduko duela uste du, eta %15,5ek behargin gehiago hartuko duen itxaropena azaldu. Datuok Laboral Kutxak ostegun honetan ezagutzera emandako txostenean agertzen dira. Egileen esanetan, aurreko hiruhilekoarekiko "hobekuntza" nabari da, giro ekonomiaz eta bestelako aldagaiez "ikuspegi baikorra" antzeman baitaitake. Zehatzago, inkestan parte hartu duten enpresen %63,8k uste dute egoerak egonkor jarraituko duela, eta %23,9k hobera egingo duela.
Fakturazioari dagokionez, %8,6k baino ez du espero horrek behera egitea urteko bigarren hiruhilekoan, apiriletik ekainera bitartekoan. Ondorioz, aipatutako epean, aktibitatearen eboluzioa egonkortasunezkoa izango da enpresen %63,9ren iritziz, hobera egitekoa %26,4rentzat eta txarrera jotzekoa %9,7rentzat. Eskarien bolumenak hobera egingo duen aurreikuspen sendoa nabarmentzen du txostenak. Hala, %56,2k bolumen horri eustea espero du, %35,8k hobetzea eta %8k okerrera egitea.
Eragiketen errentagarritasunari begira, aldiz, enpresen %68,2k orain artekoa berdinduko duten ustea azaltzen dute, %18,3k hobetzea espero du, eta %13,5ek etekin txikiagoa lor dezaketela diote. Inbertsio bolumena aipatzen zaienean, kontsultatutako enpresen %74,8k urteko bigarren hiruhilekoan berori mantendu egingo dela diote, %16,6k hobera egingo duela, eta %8,6k beherako norabidea har dezakeela.
Guzti horiek aintzat hartuta, herritarrei enpleguari buruzko aurreikuspenak iruditzen zaizkie garrantzitsuenak ohikoan, Euskadiko egoera beste erkidegoetakoa baino hobea den arren oraindik badagoelako langabezian jarraitzen duen jende mordoa. Txostenean parte hartu duten enpresen ia %80k, %78,8k zehazki, egungo plantilari eutsiko diotela adierazi dute, %15,5ek orain arte dutena handituko dutela, eta %5,7k txikitu egin beharko dutela, jasaten duten egoera ekonomikoaren eraginez. Adierazle hauen arabera, Konfiantza Indizea 58,2koa da, urtarriletik martxora bitartekoa baino handiagoa, hiruhileko hau hasi aurretik 53,2koa zelako.
Txostenaren egileek azaldu dutenez, "enpresek ekonomiaren nondik norakoez ikuspegi baikorragoa dute 2017ko bigarren hiruhilekoari begira". Izan ere, indizearen zenbatekoa 50etik gora dagoenean "zabalkunde eremuan" ari da, eta hori bat dator bestelako esparru geografikoetan, Espainiakoan esaterako, lortutakoarekin, urtarrilean 54,7koa baitzen. Eurogunean, aldiz, 56koa zen otsaileko datuen arabera.
Azkenik, txostenak beste zenbait adierazle ere hartu ditu kontuan, esportazioek azken urtean izan duten eboluzioa esaterako. Hala, inkestan parte hartu dutenen %59,8k esan dute berdin mantendu direla, %30,5ek hobera egin dutela eta gainerako %9,8k, berriz, kanpora begirako salmentek txarrera egin dutela. Bankuek emandako finantziazioari dagokionez, %65,8k ez dute aldaketarik ikusi azken urtean, %24,2ren iritziz hobetu egin da aukera hori eta %10ek justu aurkakoa erantzun dute.

Orohar, euskal enpresetan aurreikuspen baikorra da nagusi urteko bigarren hiruhilekorako.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes