Estatistitek denbora behar izaten dute askotan, ondo landuak izateko eta behin betiko emaitzak eskaintzeko. Hala jazo da, adibidez, dibortzioen berri ematen dituztenekin, 2014an jazotakoa ezagutu berri baita. Urte hartan, 3.566 ezkontza desegin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtean baino %7,8 gehiago. Eustat-ek jakinarazitakoaren arabera, hausturen %40 ezkondu eta osteko hamar urteetan gertatu ziren; eta %29, 20 urtetik gora ezkonduta zeudenen artean. Ezkontza haustura legez ezkontza-aldiaren bukaera ulertzen da, desegite, banaketa edo dibortzio zuzenengatik, hau da aurretiazko legezko banaketarik gabe. Dibortzio zuzenari dagozkion 3.380 sententzia ebatzi ziren urte hartan, 181 banaketa eta 5 desegite. 3.566 horietako %15 Araban jazo ziren, %53,4 Bizkaian eta %31,6 Gipuzkoan. 2.547 dibortzio zuzen adostasunez egin ziren, eta 833 adostasunik gabe. Eta banaketetan, aldiz, 145 eta 36.
Hausturen %60,7an eskaria bi ezkontideek aurkeztu zuten, %26,4an emazteak eta %12an senarrak. Hamar hausturatik lau ezkondu osteko lehen hamarraldian heldu ziren. Banaketetan, ostera, ezkontza-aldien ia erdiak hogei urte edo gehiago iraun zuen. Dibortzio zuzenengatik desegindakoetan, ostera, hamabost urte iraun zuten ezkonaldiek batazbeste, eta banaketen kasuetan, hogeita bat. Atzean utzitako egoerari dagokionez, ezkontzen %36,8an ez zegoen adin txikiko seme-alabarik edo adin nagusiko menpekorik, %54,5etan adin txikikoak besterik ez zeuden, %4,2an adin nagusiko menpekoak soilik eta %4,5etan adin txiki eta nagusiko menpekoak. Horrez gain, %69,6ean mantenu-pentsioa aitaren ardura izan zen, %9,8an amarena eta %20,6an biena. Adin txikikoen zaintzari begira, amarena izan zen gehienetan, %66,9an, aitarena hamarretik batean eta biena ia laurdenean, %22,5ean zehazki.
Orotara 3.920 dibortzio izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan 2014ean, eta horietako 540an bazen aurretiko legezko banaketarik. Gainerako 3.380 zuzenak izan ziren. Dibortziatutako bikoteen artean 3.888 heterosexualak ziren eta 32 homosexualak, 12 gizonezkoenak eta 20 emakumezkoenak. Dibortzio heterosexualetan, gizonen %41,2k 40-49 urte zituen eta emakumeen %41,9 35-44 urte artekoak ziren. Hala, dibortziatutako gizonezkoen batazbesteko adina 46 urtekoa izan zen, eta emakumezkoena, 43koa.
Bestetik, dibortziatutako gizonen %10,3 atzerritarrak ziren, eta emakumeen %11,5. Ezkondu zirenean, ezkontide gehienak aurretiaz ezkondu gabekoak ziren, baina senarren %10,8 dibortziatuta zegoen; eta %0,4, alargun. Emazteen artean, aldiz, %8,7 ziren dibortziatu ostean berriz ezkontzen zirenak, eta %0,4 alargundutakoak. Dibortzioa eman zitzaienean, ezkontide gehienak EAEn bertan bizi ziren, baina bazegoen kanpoan zebilen gizonen %4 eta emakumeen %2,7.
Banaketei zegokienez, 2014ko 181en arteko %80,1 adostasunez gauzatu ziren, eta %19,9 adostasunik gabe. Banatutako emakumeen batazbesteko adina 48 urtekoa izan zen, eta gizonena, berriz, 50ekoa. Azkenik, 5 desegiteak Bizkaian ebatzi ziren, eta kasu horietan gizonen batazbesteko adina 37 urtekoa izan zen, eta andrazkoena 35ekoa.
![]() |
Dibortziatutakoen %40k ezkondu osteko lehen hamar urteetan egin zuten urrats hori. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.