Krisiaren gordinena gainditu den arren, oraindik ajetuta jarraitzen dute Europako ekonomia gehienek. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, gainerako ia guztiak baino egoera hobean dagoen arren, baditu oraindik hobetu beharreko adierazleak, tartean langabeziari dagokiona. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak 8.800 milioi euro bideratuko ditu 2020. urtera arte —egungo legealdia amaitu bitartean—, ekonomia suspertzeko eta langabezia tasa oraingo %12,5etik %10era edo beheragora eramateko. Horretarako, 45.000 lanpostu sortzea aurreikusten du aurkeztu berri den egitasmoak.
Lehendakaria bera izan da asteon Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko 2017-2020 Programa Markoa aurkeztu duena. Zehaztu duenez, dirutza osotik 1.175 milioi Enplegu Planerako izango dira zuzenean. Gainera, beste 5.225 milioi euro inbertsio, berrikuntza, nazioarteratze eta industrializaziora bideratuko dira, eta 2.400 milioi abalak emateko.
Esan bezala, azken helburua orotara 45.000 lanpostu sortzea da, 6.000 enpresa berriri laguntza emanez, 100 ikerketa proiektu berri finantzatuz eta 1.200 Enpresa Txiki eta Ertaini (ETE) atzerriko merkatuetara zabaltzen lagunduz. Ildo horretatik, beste 1.100 ETEren modernizazio eta hedapen proiektuetarako laguntzak emango dira, eta baita horien berrikuntzarako 4.100 proiekturentzat ere.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Esparru Programa herrialde estrategia bat da, zenbait ardatzetan mamitzen dena. Estrategia integratu bat izan nahi du, ekonomiaren susperraldiaren eta enpleguaren aldekoa, helmugatzat langabezia-tasa %10aren azpitik murriztea duena. Horretarako, Enplegu Plan zehatz bat landu da, prestakuntza, ekintzailetza eta lan-munduan txertatzea bultzatzeko. Gainera, gazteentzako enplegua bultzatzeko ildo zehatz bat abiatuko da, 20.000 gazteri lan aukerak eskaintzea ahalbidetzeko.
Baina badago gehiago. Hala, I+G+Brako aurrekontua %5 haziko da urtero, eta euskal ETEei laguntza berezia eman nahi zaie, hainbat arlotan, tartean nazioartera zabaltzekoan. Horien digitalizazioa indartzea da beste jomugetako bat, Euskadiren Agenda Digitalaren estrategia garatuz, 1.500 enpresa modernizatu eta digitalizatzeko. 'RIS3 espezializazio-estrategia adimenduna' ere garatu gura da, Europan goi-mailako berrikuntzaren eskualde gisa Euskadi sendotzeko. Guzti horretan sakonduta, laugarren industri iraultzaren aldeko apustua egiten du Eusko Jaurlaritzak, bertoko garapen ekonomikoaren eragile gisa.
Azkenik, prestakuntza dualaren aldeko apustua egiten du estrategia guzti honek, baita Lanbide Heziketaren alde ere lantegietan. Enplegu publikoa berritzea eta sendotzea ere ez dute ahaztu aurkeztu berri den egitasmo zabala landu dutenek, erretiroen etorkizuneko agertokiari erantzuteko. Ardatz guzti hauen inguruan landu du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako bere programa anbiziotsu hau, krisia behingoz atzean utzi nahi duena. Langabeziaren aurkako borroka erabakigarria da norabide horretan, herritarren ongizatean zuzen-zuzen eragiten duelako eta bestelako dinamika ekonomikoak ahalbidetzen dituelako.
![]() |
Egitasmoaren helburu nagusia 45.000 lanpostu sortzea da. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.