Euskara lan hizkuntza duten bost ganberek eta Euskaltzaindiak Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu zuten aurreko ostiralean. Honakoa Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak 2011n sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, eta parte hartu dutenak, Akademiaz gain, Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiak, IVAP eta UZEI izan dira. Hiztegiak 1.754 hitz eta esamolderen lan-corpusa landu du eta hortik 1.438 sarrera jaso ditu euskaratik gaztelaniara, eta 1.409 beste norabidean. Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan egindako aurkezpenean erakundeetako ordezkariak, tartean Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak, Hiztegiaren lantaldeko kideak, euskaltzainak eta egitasmoan parte hartu duten ganbera legegileetako ordezkariak bildu ziren.
Euskaraz diharduten erakunde legegileek azken hiru hamarkada luzeotan baliatu dituzten hitz juridiko-parlamentarioek beharrezkoa zuten Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentario honek eskaintzen duen normalizazio eta estandarizazio markoa, ekitaldian bertan azpimarratu zenez. Hala, 2015eko irailean lan hau burutzeko lantalde tekniko bat sortu zen, lehenago aipatutakoen parte hartzearekin. Gotzon Lobera izan da batzorde teknikoaren koordinatzailea eta bertan azaldu zuen bileretan erakunde bakoitzak bere eguneroko lanean darabilen terminologia partekatu duela, eta bide horretan artxibo eta datu-baseetatik ateratako 255.298 hitzekin hasi zirela. Hortik abiatuta, 4.323 sarrera elebidun lortu ziren, Hiztegia sortzeko beharrezko adostasunak lortzeko abiapuntu modura erabilitakoak. Izan ere, adostasuna izan da lan-metodologiaren oinarria, beti erakunde bakoitzaren hitz esklusiboak errespetatuz eta erakunde legegileek partekatzen dituzten sarrerentzako erabilera normalizatua ahalbidetuz.
Azken emaitza Euskaltzaindiaren osoko bilkurak onetsi zuen eta Andrés Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu duenez lan honen merituetakoa batasunarena da, hiztegiak erakusten baitu, "pluralitatea errespetatuz eta uniformetasunean erori gabe, euskara bat dela, bere kolore eta soinu desberdinekin, bere errealitate sozial eta geografiko diferenteekin". Gotzon Loberak, aldiz, eskerrak eman zizkien gerturatutakoei eta Hiztegia landu duten taldekideen asmoa beti "euskaldun herrietako biztanleen eskuetan tresna eragingarri bat jartzea" izan dela erantsi. Bere aburuz, beronen eragina handia izan daiteke hedabideetan, eta hauek hiztegia erabiltzen duten neurrian "haren altxorra gizartearen geruza guztietara" zabalduko da. Oinarrizko Hiztegi hau Euskaltzaindiaren webgunean dago eskuragai, kontsultatzeko edo jaisteko, eta baita erakunde legegile guztien web orrietan ere, euren erabilera propiorako zein erakundeen webguneetara doan edozeinek kontsultatzeko edo deskargatzeko.
Hiztegiak Euskaltzaindiaren berme osoa dauka, bertan dauden formen eraketaren inguruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako ganbera legegileetan hitzak eta esamoldeak modu bateratuan erabiltzean segurtasuna ekarriko die euskaraz diharduten guztiei. Honakoa beste urrats bat da euskararen normalizazioan, kasuon herritarren borondatearen isla diren ganberetan euskal hizkuntza normaltasunez eta segurtasunez baliatu ahal izateko. Orain, erronka horietan euskarazko jarduna handitzea da.
![]() |
Erakundeetako zein hiztegia landu dutenen arteko ordezkariak bildu ziren aurkezpenean (Argazkia: Irekia). |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.