Euskara maila guztietan sustatzen jarraitzeko ahaleginean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 279 filmen eta 24 serieren 225 kapituluren euskarazko azpitituluak jarri ditu eskuragai Open Data Euskadi deritzanean. Horrela, elkarteek zein edozein herritarrek erabili ahal izango dituzte Distribuidora de Televisión Digital SA (DTS) enpresarekin lankidetzan sortutako horiek. Jaurlaritzaren eta azken honen arteko elkarlana duela hiru urte abiatu zen, eta horri esker Movistar+ Estrenos plataforman eskainitako atzerriko hizkuntzetan sortutako filmak eta serieak euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izan dute erabiltzaileek. Euskaraz eta gaztelaniaz direnak, aldiz, azpititulurik gabe eskaintzea adostu zen.
Bide hau aspalditik ari da jorratzen, eta orain arte 548 film eta 67 serieren 600 kapitulu azpititulatu dira. Dena den, oraingoan lankidetza horrek aurreko bi urteetan azpititulatzea ahalbidetu dituenak jarri dira Open Data Euskadin eta, laster, iazkoak gehituko zaizkie. Orotara, 279 filmen eta 24 serieren 225 kapituluren azpitituluak daude eskuragarri dagoeneko. Azpitituluak .srt formatuan daude, zinea digitala denez irudiei testua gehitzeko modu erraza delako. Eusko Jaurlaritzaren irudiko, guzti honek hainbat aukera eskaintzen dizkie erabiltzaileei.
Atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako zinea jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulaturik ikusteko aukerak gehitzea da ekimen honen helburua. Orain dela zenbait urte sortutako Filmazpit bezalako proiektuei esker, filmen katalogo zabal bat egon badago, musutruk kultur eragileen esku jarritakoa, proiekzio ez komertzialak antolatzeko aukera izan dezaten. Horrekin batera, erabiltzaileei, ikastetxe eta ikastolei, euskaltegiei zein bestelako eragileei azpitituluak erabiltzeko aukera eskainiko zaie aurrerantzean. Gainera, banatzaileei, elkarteei zein kultur eragileei euskarazko azpitituluak dituzten film edo serieak programatzeko bidea errazten zaie. Aldi berean, gorren komunitatearentzat ere aurrerapauso handia da honakoa.
Filmazpit ekimenaren bidez pauso berriak emango dira, gainera, euskarazko azpitituluak dituzten filmak zabaltzeko. Kultura Auzolanean deritzan egitasmoaren bidez ere ekimen berriak abiatuko dira euskaraz azpititulatutako ekoizpenak ikusteko aukerak gehitzeko. 2014ko ekainean Eusko Jaurlaritzak Euskararen Agenda Estrategikoa onartu zuen, eta 2016 arteko epean euskara biziberritzearen alde egin beharreko ekintzak eta jarduerak aletu zituen bertan.
Hala, kultur kontsumoari dagokionez, hainbat ardatz ezarri ziren. Esaterako, euskarazko kulturaren kontsumoa sustatzea, euskarazko sorkuntza bultzatuz eta erdarazko produktuak itzuli eta lokalizatuz. Horretarako, hainbat aldagai kontuan hartu eta horien arteko oreka bilatzea erabaki zuen Jaurlaritzak, kalitatea, aberastasuna, dibertsitatea, hartzaile potentzialen kopurua eta nolakotasuna eta antzekoak aintzat hartuz. Eta hari horretatik tiraka abiatu zen DTS enpresarekin azken urteotan bultzatutako elkarlana.
Orain, urteetan metatutako material guztia jarri nahi da eskuragai, eta lehenago aipatutako .srt artxiboen bidez egingo da, batik bat gazteen artean hori erabiltzea uste baino ohikoagoa delakoan. Izan ere, artxibo horiek erositako film digitalekin azpitituluak sinkronizatzeko aukera ematen dute. Helburua ahalik eta maila zein arlo gehienetan euskara erabili ahal izatea da, euskal hiztunei edozein motatako kultur produktuak euren hizkuntzan gozatzeko erraztasunak ematen jarraitzea.
![]() |
Urrats berriak egingo ditu Jaurlaritzak euskarazko produktuen kontsumoa sustatzeko. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.