Lehen sektorea maila guztietan ari da egunean jartzen, eta teknologia berriekin ere gero eta lotuago dago. Bizkaiko Foru Aldundiaren ahalegina gehitzen zaio orain asmo horri. Hil honen 20tik aurrera baserritarrek aukera izango dute internet bidez sei izapide edo tramite egiteko. Honakoak dira: azalera-aitorpenaren proposamena; eskabide bakarrarena; txahalen jaiotzak jakinaraztea eta behi-aziendaren identifikazio agiria (BIA deritzana) ematea; eta abereak hiltegira eramateko agiria, belarritakoen kopiak eta ukuilu-liburua eskatzea. Guzti horren helburua lehen sektorearekiko harremanak modernizatzea da, eta urrats hauek horretarako propio landutako planean jasota daude. Hori posible egin aurretik, prestakuntza aldia eskaini zaie horretan diharduten pertsonei, eta guztira 11 saio egin dira eta 345 lagunek hartu dute parte aurreko bi asteetan.
Orain, sektoreko profesionalek foru erakundearen egoitza elektronikoaren bitartez egin ditzakete aipatutako sei izapideok. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak abian jarri duen modernizazio teknologikoko planean kokatzen dira hauek guztiak, eta horren bidez eguneratu egingo dira kudeaketa, eta baita Aldundiak lehen sektoreko pertsona guztiekiko harremanak bizkorragoak eta eraginkorragoak izan daitezen lortzeko dituen tresnak ere.
Hala, planak berak eta izapideak sarean egiteko aukera izateak onura handia ekarriko die Bizkaiko nekazari eta abeltzainei, Foru Aldunditik adierazi dutenez. Batetik, informazioa kontsultatu ahal izango dute eta internet baliatuta hainbat kudeaketa-lan eta izapide egin ahal izango dituzte, euren negozioarekin zerikusia dutenak. Bestetik, egunak dituen 24 orduetan egin ahal izango dituzte aipatutako horiek, asteko zazpi egunetan eta urteko 365etan, ordutegi mugarik gabe. Etxetik konektatzeko aukera izango dute, eskualdeko nekazaritza bulegora edo Foru Aldundiaren beste bulegoren batera joan beharrik izan gabe. Eta, gainera, sistema horrek datuen konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatuko ditu, datuen pribatutasuna zaintzeko baliabide elektronikoen bidez.
Online egin ahal izango diren tramiteak Nekazaritza Zuzendaritzako zerbitzuetako biri dagozkie, Landa Garapenerako Zerbitzuari eta Abeltzaintzakoari, hain zuzen. Lehenari dagozkio, esaterako, azalera-aitorpenaren proposamenak. Nekazari txiki modura hartutako 819 baserritarrek egin behar izaten dute hori, euren ustiategian kudeatzen dituzten lursailen urteko aitorpena balioztatzeko. Eskabide bakarra ere egin dezakete, oinarrizko ordainketarako beharrezkoa dena.
Abeltzaintza Zerbitzuan, aldiz, abereak lekualdatzeko agiriak egiteko prozesua burutu behar izaten da, abereen joan-etorrietan beti eduki beharreko agiria eskuratzeko. Dokumentu horrek aberearen osasunari buruzko informazioa ematen du, eta berorren trazabilitatea bermatu. Oraingoz, abereak hiltegira eramateko agiriak tramitatuko dira, baina laster bestelako mugimenduetarako agiriak emateko aukerak gehituko zaizkio.
Txahalen jaiotzak jakinarazi eta behi-aziendaren identifikazio agiriak emateari dagokionez, jakinarazpen telematikoa egiteko aukera izango da txahalen jaiotzak erregistratzerakoan. Beti legediak ezarritako epeetan, eta haiek identifikatutako agiria emateko. Behi-aziendaren belarritakoak galtzen direnean ematen dira horien kopiak, eta ukuilu-liburua, ostera, ustiategi bateko abereen zentsua eta mugimenduen zerrenda egiteko aukerari dagokio.
![]() |
Baserritarrak teknologia berrietaz baliatzen dira gero eta gehiago. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.