jueves, 9 de febrero de 2017

Bilboko Aste Nagusia, oparo

Bilboko Aste Nagusia itzal handikoa da, Bizkaian ezezik Euskal Herri osoan baitu oihartzuna. Eta datu ekonomikoek hala erakusten dute. Jakinarazi berri denez, iazkoak 80 milioi euroko ekarpena egin zion euskal Barne Produktu Gordinari, eta 1.147 lanpostu mantentzen lagundu zuen. Udala izan da datuok ezagutzera eman dituena, zehazki Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enpleguko saila. Bertatik adierazi dutenez, "Aste Nagusia eragin ekonomikoa baino gehiago da, baina hori ere bada", sekulako onura ahalbidetzen duelako.
Txostenaren arabera, Aste Nagusiaren azken edizioan 307.400 lagunek hartu zuten parte, eguneroko 143.000ko batazbestekoarekin. Sortu zuen gastua 77,2 milioi eurokoa izan zen, eta Euskadiko PBGri egindako ekarpena orotara 80 milioikoa, 2012ko txosten batean kalkulatutakoa baino 14 milioi gehiagokoa. Gainera, 9,19 milioi euroko itzulera fiskala eragin zuten jaiek.
Pentsatzekoa denez, gastu gehien egiten dutenak jaietara doazenak dira, 73,58 milioi uzten baitituzte hiriburuan, kopuru osoaren %95,3. Ostean datoz Bilboko Udala (2,16 milioi, %2,8rekin), Zezen Plazako Batzorde Kudeatzailea (milioi bat euro, %1,3rekin), Bilboko Konpartsak (245.000 euro, %0,3rekin) eta hotelak (200.000 euro, %0,3rekin). Gastuak ostalaritzan eragiten du gehien, %60 hain zuzen ere. Beste %16 kultur arloko jarduerei dagokie, eta artistikoei zein ikuskizunei; %12 merkataritza txikiari, eta gainerako %6 kirol jarduerei, aisialdikoei eta entretenimendukoei.
Aste Nagusian parte hartzen dutenen arteko %51 gizonezkoak dira, eta %49 andrazkoak. Eta adin guztietakoak gerturatzen dira Bilbora abuztuko egun horietan: %45 30 urtetik beherakoak izaten dira, eta %30 55etik gorakoak. Bertaratzen direnen %43 bilbotarrak dira, eta beste %40 bat Bizkaiko beste herri batzuetatik joaten da, batik bat Getxo, Barakaldo, Santurtzi eta Portugaletetik. Horiez gain, beste %2 Gipuzkoa eta Arabakoak izaten dira, %12 Estatuko beste leku batzuetakoak (batez ere Kantabria eta Madril), eta beste %2 atzerrikoak.
Bestalde, Aste Nagusira Euskaditik kanpo datozenen hirutik bat lehen aldiz hurbiltzen dira, eta inkestan parte hartu duten guztiek adierazi dute jaietan Bilbo bisitatzea gomendatuko dutela. Bilbotik kanpoko bisitarien %24k erosketak egiten dituzte Bizkaiko hiriburuan egun horietan, batik bat arropa dendetan, elikagaietakoetan eta oroigarrietakoetan. Beste %23 Bilbon geratzen dira gaua pasatzen, eta batazbesteko egonaldia 5,6 gauekoa izan ohi da. Jende gehien biltzen dituzten ekitaldien artean, su artifizialak daude, %67,2k aipatzen baitituzte. Jarraian datoz antzerkia eta txosnak, %47 banarekin, eta kontzertuak, %39rekin. Kaleko ekitaldietan %38,1 ibiltzen dira, eta barraketan eta zirkuan %25,6.
Bisitariek Aste Nagusiari egiten dioten balorazioari dagokionez, 8,29 puntukoa da, 0tik 10era. Batazbesteko horren gainetik dago beste herrialde batzuetakoena, beste erkidego autonomo batzuetakoena eta Bizkaikoena. Ekitaldi baloratuenak su artifizialak dira (8,12 puntu), kalekoak (8,08), barrakak (7,36), txosnak (7,23) eta kontzertuak (6,67), Zerbitzuei dagokienez, baloratuena garraioa da (8,50 puntu), zeta erbitzu medikuak (8,40) eta garbiketa (8). Segurtasunak 7,78 puntu lortzen ditu, eta merkatalgune zein denden irekierak 6,94. Pertsona bakoitzeko gastua 239 eurokoa izan ohi da Bilboko Aste Nagusian, eta horietako 150 ostalaritzara doaz, 17 ostatu hartzera, 13 merkataritzara eta 9 garraiora.

Aste Nagusiak bisitarien onespena lortzen du, 0tik 10era 8,29ko puntuazioa ematen baitiote.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes