sábado, 28 de enero de 2017

Hamabost pieza berriko erakusketa Arkeologi Museoan

Bizkaian egin izan diren indusketetan aurkitutako hamabost objektu daude ikusgai Aldundiaren Arkeologi Museoan, eta urtarrilaren 27tik apirilaren 30era arte egongo dira 'Atzera begirakoa. Museoaren atzealdean' izeneko erakusketan. Gainera, larunbatetan (13:15etan eta 18:15etan) eta igandeetan (13:15etan) 'Museoa aztarnaz aztarna' programaren barruan 'Raneroko hartz emeari' buruzko bisita monografikoak eskainiko dira.
Museoan lehenengoz erakusten da 'Ursus deningeri' espezieko ale heldu baten burezurra, duela 100.000 urte desagertu eta leize-hartzaren aurrekoa izandakoa. Hori gutxi balitz, iberiar penintsulan osorik mantendu den mota honetako burezur bakarra da. Baina askoz gehiago dauka eskaintzeko Arkeologi Museoak. Adibidez, duela 130.000 urte Kortezubiko Lezikako koban hildako errinozero baten pelbisa. Edo duela 5.000 urteko aizkorak, hilarriak eta Errigoitin aurkitutako IV. mendeko txanponak edo kapare bizkaitar baten ezproiak. Orotara, azken lau urteotan 'Museoa aztarnaz aztarna' programan bakarka erakutsitako 14 pieza daude, eta gaur egunera arte inoiz erakutsi ez den beste pieza bat.
Foru Aldundiaren Arkeologi Museoa Bizkaian egiten diren indusketetan lehengoratzen den ondare arkeologikoa jaso, aztertu eta kontserbatzen duen erakundea da. Material horretako gehiena biltegietan gordetzen da, Museoko erreferentziako erakusketan sartuta ez egoteagatik oso zaila izaten delako ikustea. Urteotan, dena den, izaera ezberdineko 14 objektu aurkeztu dira, denboran zehar lurraldean ibilitako komunitate ezberdinek egin zituztenak eta, orain, denak batera eta euren antzinatasunaren arabera Arkeologi Museoko Mallona Aretoan aurkeztuko direnak.
Batzuk fauna hondakinak dira, aurrerago aipatutako errizonero baten pelbisa edo Lacilla-ko (Sopuerta) koban duela 5.000 urte egindako talde-ehorzketa batean utzi ziren aizkora leunduak. Baina, horiez gain, askoz gehiago dago ikusgai: IV. mendean norbaitek ezkutatutako txanponak, zaldun batek XIII. mendean Ereñozarko gaztelua bertan behera utzi zutenean ahaztutako ezproi urreztatuak edo Orduñako Tras Santiago kalean XVIII. mendean hiriari eta inguruei tresneria hornitzeko eraikitako buztinola bateko piezak.
Baina horiek ez ezik, zaintza erregimenean Museoko bildumetan duela gutxi sartu den pieza bat dago. Erakusketa aretoaren lekurik adierazgarrienean jarri da, eta 'Ursus deningeri' espezieko ale heldu baten burezurra da. Duela 200.000 edo 300.000 urte erakusketan ikus daitekeen burezurra zuen hartz emea koban sartu zen hibernatzeko, eta hondakin batzuekin egindako datazioen arabera, bertan hil zen.
Erakusketa apirilaren 30era arte egongo da zabalik, eta aukera ezin hobea da pieza guzti hauek ikusi eta horien atzean dagoen historia ezagutzeko. 'Raneroko hartz emeari' buruzko bisita monografikoetan piezaren aurkikuntzari buruzko xehetasunak emango dira ezagutzera, eta Ranero haitzean bizi zenean hasi eta ehunka mila urte igaro ondoren Museora iritsi arte egin duen ibilbide luzea azalduko da. Museoa Mallonako Galtzadetan dago, 2. zenbakian zehazki, Bilbon. Asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-19:30 bitartean dago zabalik, eta igande eta jaiegunetan 10:30-14:00 bitartean.

Raneroko hartz emearen burezurra da erakusketak duen bitxietakoa. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes