Euskarazko egunerokoa ohikoa da gaur egun, Euskaldunon Egunkaria eta Berriaren ibilbide oparoaren ostean. Baina ez zen horrela beti izan, eta urrats hori egiteko aitzindari ausartak behar izan ziren. Urtarrilaren 1ean 80 urte bete dira Eguna izeneko euskara hutsezko lehen egunkaria plazaratu zenetik. Urte eta egoera latzetan ekin zion, gerra zibila hasita zegoenean, gordin-gordin bazterrak kolpatzen zituenean. Eusko Alderdi Jeltzalearen magalean sortu zen kazeta berria, Euzkadi egunkariaren euskal atalean ziharduten zenbait kazetariri esker. Eta horren inprimategian prestatu zuten egunero, 139. zenbakira heldu bitartean, 1937ko ekainaren 13ra arte, frankistak Bilbon sartzear egon ziren arte.
Manu Ziarsolo 'Abeletxe' izan zen euskarazko egunkariaren zuzendaria, eta berarekin batera aritu ziren kazetari lanetan Eusebio Erkiaga 'Endaitz', Augustin Zubikarai 'Kresala', José María Arizmendiarrieta 'Barinaga' eta Alejandro Mendizabal 'Mutriku'. Denetarik egin behar izan zuten, gainera, aldi berean erredaktore, zuzentzaile eta itzultzaile izatea egokitu zitzaielako. Baina laguntzaile sorta ere izan zuten: Jesús Insausti 'Uzturre', Iñaki Eizmendi 'Basarri', Andoni Arozena 'Abia', Sabin Muniategi, Errose Bustintza 'Mañarikoa' eta Sebastián Alustiza 'Ilintxa', esaterako. Ezinenak garrantzitsuak ziren garai hartan, eta gainera lantaldea handiagoa zen itxura emateko lagungarri.
Egunak bereziki gerra fronteari buruzko berriak zabaltzen zituen, baina baita beste maila askotakoak ere. Dena den, pil-pilean zegoen gatazkari begirakoak ziren nagusi, eta ale gehienak milizianoen eta gudarien artean banatzen ziren. Euskarazkoa izateak abantailaren bat ere izan zuen egunerokoarentzat, tartean zentsurari eraginkorrago aurre egin ahal izatea. Garai hartan 'Izparringija' deitzen zen hark ekarpen handia egin zuen bere ibilbide laburrean, euskarazko kazetari hizkera abiatzen hastekoa adibidez. Batez ere bizkaiera baliatzen zuen, lurralde horretakoak zirelako kazetari gehienak, baina gipuzkera ere sarritan erabiltzen zen.
Gogoangarria da Egunak bere estrainekoan adierazitako: "Emen gara! Pozez ganezka gatoz... Etxepareren amets berberez kutsututa gatoz. Eta Eguna biotz, begi eta gogoetan darabilgunok, idazle zar aren kanta bero eta gartsuz didar dagigu: Euzkera jalgi adi kanpora! Euzkera jaldi adi plazara! Euzkera, abil mundu gustira, Eguna'ren egoetan!". Hortik jota, euskarazko lehen egunkariak ardatz argiak izan zituen, batik bat antifaxismoa eta askatasun demokratikoen alde agertzea, euskal abertzaletasunaren muin gisa aritzea, kristautasuna eta katolikotasunaren defentsa, Eusko Jaurlaritzaren alde jokatzea eta gizarte arazoez arduratzea.
Zoritxarreko gerra izan zen Egunaren orrialdeetan behin eta berriz nagusitutako gaia, bereziki martxoaren 31tik aurrera, orduko hartan Molak ofentsiba gogorra hasi zuelako eta jazotakoak aurrerantzean egunkariaren izenburuak eta kezkak guztiz baldintzatu zituelako. Egunerokoan zihardutenek berri laburrak agentzien bidez lortzen zituzten, ekarpen propioekin eta kolaborazioekin batera produktu osoa osatze aldera. Azpimarratzekoak ziren, esaterako, Basarriren 'Nere bordatxotik' izeneko atala, literatur testuak, kaleko marmara edo abertzaletasunaren doktrina. Horrekin batera marrazkiak, karikaturak eta argazkiak baliatu ziren behin eta berriz, irakurleengana errazago heldu ahal izateko. Egunak sekulako ekarpena egin zion euskarari, euskarazko kazetaritzari, euskarazko prentsa idatziari, eta iturri hartatik edan izan da hainbat hamarkada beranduago ere. Horregatik, aitzindari adoretsu haiek euskal gizarteak gogoan izan ditzan merezi dute.
![]() |
Egunaren 10.000 bat ale banatzen ziren 1937ko lehen hilabeteetan. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.