2016. urteko laugarren hiruhilekoari dagozkion langabezia-tasaren datuak eman berri ditu ezagutzera Eustat-ek eta, horien arabera, berori %12,5ekoa da gaur egun, hirugarrenean baino hamarren bat eta 2.400 langabe gutxiagorekin. Okupatuak, aldiz, 903.000 ziren urtearen amaieran, uztailetik irailera bitarteko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago. Udak badu eragina datuon bilakaeran, urtaro horretan dezente hazten baita aldi baterako okupazioa. Hala, laugarren hiruhilekoan 16-24 urte bitartekoen artekoa izan da okupazio jaitsierarik handiena (-5.700, okupazio jaitsieraren %69). Okupazioa jaisteak gizonei eragin dien batez ere, aurreko hiruhilekoan baino 11.100 gutxiago izan direlako urtearen hondarrean. Emakumezkoak, aldiz, 2.800 gehiago izan dira okupatu berrien artean. Lurraldeka, Bizkaian 6.600 gutxiago izan dira okupatuak, Gipuzkoan 4.200 eta Araban, aldiz, 2.400 gehiago.
Datuak sektoreka aletuz, Industrian 5.900ean jaitsi ziren lana zutenak, Zerbitzuetan 2.000 gutxiago izan ziren, lehen aipatutako udaren eragina amaitu ostean, eta Lehen Sektorean 400ean egin zuten behera. Eraikuntzak, ostera, lehengoari eutsi zion. Okupazio-tasan 16tik 64 urtera bitarteko biztanle kopuruaren gainean landunek zuten ehunekoa %65,9koa izan zen urritik abendura bitartean, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Gizonezkoen artean kopurua %69koa zen, eta emakumezkoen artean %62,7koa. Okupazio tasarik handiena Gipuzkoak izan du urtearen amaieran (%67,6, aurrekoan baino 0,6 puntu gutxiago); %66,9koa Arabak (1,3 puntu gehiago) eta, azkenik, Bizkaiak %64,5 (0,7 puntu gutxiago).
2016a amaitu zenean Euskadin 872.300 familia-etxe zeuden, eta horietatik 591.800ean bazegoen pertsona aktiboren bat, aurreko hiruhilekoan baino 4.800 gutxiagotan. Erdia pasatxotan pertsona aktibo guztiak zeuden okupatuta, hiru hilabete lehenago bezalatsu. Baina 49.900 etxetan ez zegoen landunik, aurreko hiruhilekoan baino 1.900 etxe gehiagotan. Aktiborik gabeko familia etxeak 280.500 ziren, 4.800 gehiago.
Lan bila modu aktiboan ibili direnak eta lanerako prest zeudenak 129.300 ziren iazkoa amaitzerakoan, urrira arteko hiruhilabetekoan baino 2.400 gutxiago. Emakume langabeak 63.200 ziren, 4.000 gutxiago, eta lanik gabeko gizonak, aldiz, 66.100, 1.500 gehiago. Hori horrela izanda, langabezia-tasa %12,5ekoa zen Euskadin abenduaren azken egunean, aurreko hiruhilekoarekiko 0,1 jaitsi eta gero. Emakumeen langabezia %12,8koa zen (%0,8 puntu gutxiago), eta gizonena %12,2koa (%0,5 gehiago). Gazteen langabezia-tasak, baina, oso kezkagarria izaten jarraitzen du, %24,8koa baitzen aurreko urtearen amaieran, hiru hilabete lehenago baino %0,8 gutxiago. 16-24 urte bitarteko 9.400 gazte aktibo daude langabezian.
Langabeen jaitsierarik handiena Arabakoa izan da urtearen azken laurdenean. Zehazki 5.000 gutxiago izan ziren langabeak, tasa %10,8an finkatuta, aurreko hiruhilekoan baino %3,1 gutxiago. Bizkaian langabezia %14koa zen urteak berea eman zuenean, lehengoan geratuta. 1.000 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe, baina 75.700 dira oraindik horren bila dabiltzanak. Gipuzkoan, azkenik, langabezia-tasa %10,9koa zen, 3.500 langabe eta %1 gehiagorekin. Eurostat-en arabera, 2016ko azaroan 28ko Europako Batasuneko langabezia-tasa %8,3koa zen, eta Espainiakoa, berriz, %19,2koa.
![]() |
Euskadiko langabezia-tasa %12,5ekoa da; Europakoa %8,3koa, eta Espainiakoa %19,5ekoa. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.