Urtero tabakoaren eraginez hiltzen diren gizon-emakumeen kopuruak gorantz jarraituko du etorkizunean, gaur egungo sei milioietatik 2030eko zortzi milioietara arte. Heriotza horien %80 diru sarrera txiki eta ertaineko herrialdeetan jazoko dira gainera, Minbiziaren Estatu Batuetako Institutu Nazionalak eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egin berri duten azterlanak jakinarazten duenez. Txostenaren goiburua 'Ekonomia, tabakoa eta tabakoaren kontrola' da, eta dioenez aipatutako herrialde horiek izango dira adikzioaren eraginezko ondorio ekonomiko itzelen zama euren gain hartu behar izango dutenak. Egungo erretzaileen %80 horietan bizi dira eta horregatik uste da tabakoak kontsumo horren ondorioz hilko dituenen beste horrenbeste ere bertakoak izango direla.
Izan ere, nahiz eta orotara kontsumoaren prebalentzia beheraka ari den, munduko populazioa hazten ari denez, txostenak dio litekeena dela OMEk 2025erako tabakoaren kontsumoa %30 gutxitzeko ezarritako helburua ezin bete izatea. Azterlanak ez du kontsumo pasiboa ahazten, eragin handikoa delako bai biktimentzat zein osasun sistema publikoentzat, horiei egokituko baitzaie tratamenduen zenbatekoa euren gain hartzea. Horren aurrean, idatziaren egileek ekiteko eskatzen diete gobernuei, kontsumoa ahalik eta gehien murrizten laguntzeko, horren eraginezko kosteak eurentzat ikaragarriak izango direlako.
Dena den, txostenaren egileen aburuz, oso gutxi dira tabakoaren zergen bidez jasotako dirua prebentzio politiketara bideratzen duten gobernuak. OMEren arabera, 2013-2014an tabakoaren orotako zergek 269.000 milioi dolarreko sarrerak jarri zituzten gobernuen esku, baina hauek 1.000 milioi besterik ez zituzten bideratu tabakozaletasuna kontrolatzeko.
Testuak dioenez, tabakoaren gaineko kontrolak aberatsen eta txiroen arteko osasun mailako aldea gutxitzen du, lehenak direlako kontsumoaren eraginez kaltetuenak eta baita horretara diru gehien bideratzen dutenak ere. Halaxe adierazten du, hain justu: "Tabakoaren kontsumoak pobrezia areagotzen du, tabakoarekin lotutako gaixotasunek osasun mailako gastuak handitzen dituztelako, eta diru sarrerak murriztu". Txostenak zehazten duenez, prezioak gora egin ahala pobreenen kontsumoak behera egiten du.
Aipatutako bi erakunde garrantzitsuek elkarlanean egindako ikerketaren esanetan, tabakoaren kontrolak ez die ekonomiei kalterik egiten. Izan ere, euren ustez tabakoaren industriako enplegu kopurua berrikuntza teknologikoen, globalizazioaren eta pribatizazioen eraginez gutxitu da azken urteotan, eta ez mendekotasunaren aurkako borrokaren ondorioz.
Tabakoaren kontsumoaren kopuru globaletan gehien eragiten duten herrialdeak Txina (%28), India (%11), Indonesia (%4,8), Estatu Batuak (%4,7) eta Errusiar Federazioa (%4) dira. Alemania, Turkia, Brasil, Pakistan eta Bangladesh %1,5 eta 1,9 artean daude. 2010ean 794 milioi pertsona inguru ziren erretzaileak munduan. Datozen urteotan, tabakoaren kontsumoaren beherakadarik handiena Europan jazoko dela uste dute adituek, eta Afrikako herrialdeek izango lukete hazkunderik handiena.
![]() |
Tabakoaren zergek 269.000 milioi dolarreko diru sarrerak ematen dizkiete gobernuei 2013-2014an. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.