Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao-Bizkaia deritzana osatzen dutenek, 2020. urteari begirako turismo estrategia zehazten duen dokumentua onartu berri dute. Momentua ezin egokiagoa da, gainera, turismoak goraka jarraitzen baitu etengabe, 2016ko lehen hilabeteetan aurreko urte osoko datuak hobetu direnez gero. Guztira, 1.253.087 sarrera eta 2.412.072 ostatu-gau zenbatu ziren aldi horretan Bizkaian, eta 815.739 eta 1.575.203 Bilbon. Hiru urte barrura begirako estrategiaren oinarrizko helburua Bilbo eta Bizkaia bisitatzeko toki bikain, operatibo, profesional eta koordinatua izatea da, eta bisitariei esperientzia bikain eta pertsonala bizitzeko aukera ematea.
Hortik abiatuta, sarreren kopurua urte osoan egonkor mantentzea lortu nahi da, eta horretarako, planaren bitartez, apustu irmoa egingo da kontsumitzaleen eskaeretara egokitutako produktuak sortzeko eta bisita erosoagoak bermatuko dituzten baliabideak eta azpiegiturak edukitzeko. Datozen hiru urteetarako zehaztutako erronken artean honakoak nabarmendu dituzte Bilbao-Bizkaia osatzen dutenek: kontsumitzaile izan daitezkeen pertsona gehiago erakartzea, bisitarien sarrerei egonkor eustea urtea osoan zehar, antolaketa-sare aktibo eta funtzional bat sortzea, Bilbao-Bizkaia digitalizatzea, sektorearen neurketa-sistema eraginkorra edukitzea, berori profesionalizatzea, eskariaren arabera egokitutako esperientzia paregabeak ematea eta turismoaren onurak gizarteari ikustaraztea.
Helburu horiek betetzeko asmoz, hiriburuko eta lurraldeko erakunde nagusiek turismoaren kudeaketan duten lidergoa partekatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu dute, eta lankidetza publiko-pribatua oinarritzat hartzekoa, jarduera turistikoak bisitariengan, bertoko enpresengan eta gizarte osoarengan eragin onuragarria izan dezan. Hortik jota, erakundeek euren konpromisoa berretsi dute estrategiak diseinatzeko, sektorea egituratzeko, aparteko komunikazioa lantzeko eta proaktibo aritzeko orduan. Eta sektoreko profesional eta eragileekin elkarlanean ariko dira horretarako, turismoa garapen ekonomikoaren motor gisa modu eraginkorragoan egonkortzeko.
Estrategia guzti honen ardatzetako bat marketina izango da, kontsumitzaleei zuzentzeko eta haien eskariak ezagutzeko bide bat den neurrian. Horrekin batera, aurreikusitako ekintzekin erdietsitako emaitzen neurketa ahalik eta zehatzena landu gura da, eta turismo-sustapenean egindako inbertsioen itzulkina lortzea ere.
Aurtengoari begira, Bilbao-Bizkaiak nazioarteko azoketara joko du, bertokoaren berri zuzenean emateko. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, batzutan Eusko Jaurlaritzaren eskutik, 29 hiri eta 14 herrialde ezberdinetan egoteko asmoa dute, turismoa sustatzeko 2017ko egutegiaren barruan. Lurraldeak ete hiriburuak sustapen-presentzia nabarmena daukate Europako merkatu finkatuetan: Alemanian eta Italian, esaterako. Aurten Milaneko Sales Mission ekitaldiarekin indartuko da guzti hori. Horrez gain, Europako iparraldeko herrialdeak eta Estatu Batuak ere estrategikotzat jo dira, eta ahalegin berezia egingo da horietan gero eta gehiago eragin ahal izateko.
![]() |
Bizkaiak turistak erakartzeko gaitasun handia erakutsi du urtez urte. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.