Euskal Autonomia Erkidegoan ia 150.000 atzerritar bizi dira, biztanle guztien %6,9, Eustatek eman berri dituen datuen arabera. Gainera, horien artean %36 amerikarrak dira, Estatu mailan %23 pasatxo diren artean. Euskadin, multzo horretako gehienak boliviarrak, kolonbiarrak, nikaraguarrak eta paraguiarrak dira, Hego Amerikakoak beraz. Orotara, hauek atzerritar guztien %18,7 dira, eta amerikarren %52. Europarrei dagokienez, erkidegoan bizi diren atzerritarren %26,9 dira, eta Espainia mailan %45,5. Aldea nabaria da. Talde honetako gehienak errumaniarrak dira, atzerritar guztien %12 eta europarren %44,a direlako, Estatu mailan baino ia %10 gehiago. Etorkinen jatorriak badu, beraz, ezaugarri propiorik Euskadin.
Beste hainbat herrialdetatik etorritakoen artean ere bada bereizgarririk. Berton, esaterako, afrikarren zenbatekoa (etorkinen %28) Espainian baino handiagoa da (%22,7); eta ia erdiak marokoarrak dira, %49 zehazki. Bigarren nazionalitate afrikar garrantzitsuena aljeriarra da, %14,2 baitira hangoak. Horien ostean, Euskadin gehien daudenak txinatarrak eta pakistandarrak dira, %7rekin. Horiek osatzen dute, gainera, asiarren multzoaren zatirik handiena, bien artean guztien %79 direlako Euskadin.
Euskal lurraldeen arteko banaketa aintzat hartuta, badago alderik. Araban afrikarrak dira nagusi; eta Bizkaian, aldiz, amerikarrak. Bi kasuetan %40aren gainetik. Gipuzkoan, ostera, europarren eta amerikarren proportzioak antzekoak dira, azken horiena handixeagoa den arren. Bizkaian boliviarrak era kolonbiarrak amerikarren arteko %39,5 dira, eta Gipuzkoan banaketa dezente askotarikoagoa da. Araban amerikarrak ez dira etorkinen arteko %27ra heltzen, eta horietatik laurden pasa kolonbiarrak dira. Gipuzkoan frantziar asko bizi da, eta horregatik dira bertan europarrak gainerako euskal lurraldeetan baino gehiago. Errumaniarren proportzio handiena, aldiz, Bizkaikoa da —europarren %57 baino gehiago—. Araban eta Gipuzkoan herrialde horretakoak dezente gutxiago dira, %29,5 eta %33,9 hurrenez hurren.
Afrikarrei dagokienez, Gipuzkoa da horien proportzio txikiena duena, eta dituenen arteko %58 marokoarrak dira. Araban eta Bizkaian ere marokoarrak dira afrikar gehienak, %47 eta %44,3, baina Gipuzkoan baino gutxiago. Afrikarren artetik hurrengo multzo handienak aljeriarrenak eta senegaldarrenak dira Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban, ostera, hirugarren multzo garrantzitsuena nigeriarrena da. Bestalde, txinatarrak asiarren %59,9 dira Bizkaian, eta pakistandarrak %19. Gipuzkoan eta Araban pakistandarrak dira gehiengoa, batez ere bigarrenean. Zehazki, bertan bizi diren asiarren %60,3 dira.
Datu orokorragoetara jota, atzerrian jaio eta Euskadin bizi zirenak 190.354 ziren aurtengo urtarrilaren 1ean, biztanlego osoaren %8,8. Espainiako ehunekoa, aldiz, 13,1ekoa zen. Arlo honetan, EAE Extremaduraren, Asturiasen, Gaztela eta Leonen eta Galiziaren pare dago, horietan atzerrian jaiotako herritarrak gehienez %8ra heltzen baitira. Udalerriak aztertuta, 57k Euskadiko batazbestekoaren gaineko atzerritar portzentaia dute. Horietako 17tan atzerritarrak %10 baino gehiago dira, batik bat Arabako Errioxakoetan. Atzerritar kopuru handieneko euskal udalerriak honakoak dira: Nabaridas (%28 baino gehiago), Berriatua (%14,6), Ordizia (%14,2) eta Markina-Xemein (%13,2). Beste mugan, bost udalerritan ia ez dago atzerritarrik, %2 baino gutxiago direlako. Lau Gipuzkoakoak dira (Orexa, Elduain, Aduna eta Gaztelu), eta bestea Arabako Harana da. Hiriburuen artean, azkenik, Bilbon atzerritarrak %10,4 dira, Donostian %9,8 eta Gasteizen %11,8.
![]() |
Atzerritar gehien dituen euskal hiriburua Gasteiz da, populazioaren %11,8 direlako. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.