Asko dira ezkontza kopuruan eragiten duten faktoreak, eta horietako asko maila ekonomikokoak. Hala, krisiak sekulako eragina izan du Espainia mailan. 2006an 207.800 bikote ezkondu ziren bitartean, 2013an 155.100era jaitsi zen kopurua. Horrez gain, gizartearen baitako era guztietako aldaketek ere zerikusia izan dute ezkontzeko adina zehazterakoan eta bide erlijioso edo zibiletik ezkondu erabakitzerakoan. 1980an bikoteen %95ek elizara jotzen zuten horretarako, eta 2012an %37,2k besterik ez. Bitartean, ezkontideen adinak dezente egin du gora epe horretan, gizonezkoei dagokienez batazbestekoan 26 urtetik 33ra eta emakumeen artean 24tik 31ra igota. Argi dago, beraz, ezkontzekin lotutako datuek bilakaera sozialaren berri ematen dutela, zenbait mailatako horren norabidea zehazten dutelako.
Ikuspegi horretatik azter daitezke iazkoari buruz Eustat-ek ezagutzera eman berri dituen datuak. 2015ean 7.880 bikote ezkondu ziren Euskadin, aurreko urtean baino %0,7 gutxiago. Horietako 146 bikote homosexualen ezkontzak izan ziren. Ezkontza heterosexualak, ondorioz, 7.734 —2014an baino 64 gutxiago, %0,8 jaitsita—. Datu horiekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ezkontza tasa, mila biztanleko 3,3koa, Espainia mailako ia berbera da (3,5), baina 28ko Europar Batasunekoarenaren azpitik dago, azken datu ezagunaren arabera 4,2koa baita mila biztanleko kopurua.
Ezkontzeko adinak gora egin du, eta amatasuna gero eta gehiago ari da atzeratzen. 2015ean ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batazbesteko adina 36,4 urtekoa izan zen, eta emakumezko ezkongabeena, ostera, 34,3koa. Azken mende laurdenean emaztegaien batazbesteko adina 7,7 urte igo da Euskadin, eta senargaiena 7,5. Ezkondu aurretik ezkontideek zuten egoera zibilari dagokionez, iaz ezkondu ziren gizonen %88,3rentzat eta emakumeen %88,2rentzat lehen ezkontza izan zen honakoa. Ezkontzarik gehien uztailean egin ziren, 1.178 hain zuzen, irailean 1.103 eta ekainean 1.041. Argi dago, beraz, ezkontzera doazenek udako berotasuna aukeratzen dutela horretarako.
Espainia mailan jazo den legez, ezkontza zibilek gora egin dute urterik urte. Euskadin 1990ean guztien %23 ziren, eta %78,3 izan dira 2015ean, 6.058 zehazki. Ezkontza katolikoak izan dira erlijiosoen arteko gehien-gehienak, 1.663, eta 13 besterik ez beste sinesmenetakoak. Ezkontza zibilik gehien Bizkaian egin ziren, guztien arteko %80,9 zehatz-mehatz. Gipuzkoan %79,5 izan ziren, eta Araban %77,4. Euskaditik kanpo ezkondu ziren egoiliarren artean %63,2k egin zuten ezkontza zibilaren alde.
Ezkondu eta Euskaditik alde egin zutenen artean (475 bikote), gehienek Madrilera, Kantabriara eta Nafarroara jo zuten. Jatorria aztertzerakoan badago alderik horretan. Arabakoak batik bat Nafarroa, Burgos eta Madrilera joan ziren; Bizkaikoak Madril, Kantabria eta Bartzelonara; eta Gipuzkoakoak Nafarroa, Frantzia eta Madrilera.
1.120 ezkontzatan, guztien arteko %14,5ean, ezkontideetako bat atzerritarra zen. Ezkontza hauen %48,3an emaztea zen atzerritarra, %24an senarra eta %27,7an biak. Emazteen sorterri nagusiak Kolonbia (117), Bolivia (71), Brasil (60), Maroko (49), Paraguai (40) eta Nikaragua (38) izan ziren, eta senarrenen artean Maroko (74), Kolonbia (57), Bolivia (44), Portugal, Ekuador, Argentina eta Ajeria (26na).
Ezkondutako 146 bikote homosexualen artean, 55 bi gizonezkok osatzen zituzten, eta 91 bi emakumezkok. 2014arekiko %5 igo ziren honelako ezkontzak. Bikote hauen arteko 18 Arabara joan ziren bizitzera, 50 Gipuzkoara, 70 Bizkaira eta 8 Euskaditik kanpo.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.