Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da, hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiteko ezin aproposagoa. Orain artekoaren balantzea egin eta aurrera begirakoa zehazteko aukera ematen dute honelakoek, euskara ezagutzatik erabilerara eramateko zereginean sakontzeko eta eraginkor jokatzeko. Aurten, euskal erakundeek adierazpen bateratuta plazaratu dute 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' izenburupean. Bertan adierazten denez, euskararen zabalkundea gizarte osoaren nahia eta ahaleginari esker gertatu da, norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenari esker. Izan ere, duela berrogei urtetik hona gizartean gainbehera zihoan euskera hazkunde nabarian jarri da, eta belaunaldi zaharren hizkuntza izatetik belaunaldiartekoa eta, batez ere, gazteen hizkuntza izatera igaro da. Ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dituen esparru sozialetan ere nor izatera. Europako hizkuntza zaharrena izatetik, modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera.
Erakundeen arabera, hizkuntza-elkarbizitza gizarte-elkarbizitzaren osagai egin da hamarkadotan, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen berdintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztien aukera-berdintasunaren oinarrian jarri da, eta hori ezin garrantzitsuagoa izan da orain arteko urratsak bermatzeko eta atzeraezinezko egiteko. Dena den, gaur egun bi hizkuntza ofizialen berdintasun soziala urrun dago: euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean oso egoera ezberdina.
Hori dela eta, erakundeen agiriak urratsak egiten jarraitzeko deia egiten du. Hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortu bitartean badagoelako zer egin. Hizkuntza-aniztasunaz harro dagoen gizartea da honakoa, eta euskararekin munduko hizkuntza-aniztasunari egindako ekarpenaz. Hizkuntza-aniztasunak euskal gizartea aberasten du, euskarak hizkuntza-aniztasuna aberasten duelako eta, beraz, euskal herritar bakoitza aberasten duelako. Hortik abiatuta, euskara bere lurralde guztietan indartsu eta sendo egon dadin lortzea da helburua. Horretara heltzeko, erakundeen agiri bateratuak dei egiten die norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei eta abarri.
Herri-aginteek eta askotariko gizarte-eragileek elkar hartuta ospatzen dute aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3a. Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromisoa hartu dute guztiek, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa, euskara zokondo guztietara jalgi dadin. Eta hor dago dokumentuaren goiburu den galdera: zer egin dezaket nik euskararen alde? Ba, bakoitzaren esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko ahalegina egitea, egunerokoan.
Erakundeek herritar guztiak eta gizarte-eragileak gonbidatu dituzte galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta elkabizitza sendotzeko. Izan ere, euskararen etorkizuna ez dago soilik erakundeen esku, euskal herritar guzti-guztien bultzadaren eta eguneroko hauspo lanaren esku baizik. Ezagutzatik erabilerara dagoen tartea gainditzeak ekarriko diolako euskarari hain beharrezkoa duen berdintasun soziala.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.