viernes, 23 de diciembre de 2016

Badator Olentzero

Umeen begiradetan lilura berezia dago egunotan, garrantzizko zerbait gertatzen den data horietakoa. Eta ez da gutxiagorako, Olentzero eta Mari Domingi heltzear direlako jada. Opariz beteta etorriko dira, ohi bezala, kale bazterretan ongi etorria egiten dieten guztiek eskutitz edo teknologia berrien bidez eskatu dutena izan dezaten. Magiazko egunak datoz, sentimenduak mugara eramatekoak. Onerako zein txarrerako. Baina Olentzerok poza baino ez dakar, ilusioa, algara. Eta oso aspalditik gainera, arbasoen garaietatik. Antza denez, hasiera batean Olentzaro urteko sasoi bati esaten zitzaion, eta denborarekin pertsonaia mitologikoa sortu zen hortik.
Nafarroako iparrekialdeko eta Gipuzkoako zenbat tokitakoa ei da jatorriz Olentzero. Dirudienez, inguruok kristautu aurrekoa da, eta adituen esanetan neguko solstizioaren ospakizunetan txertatutakoa. Ikazkina da lanbidez, eta mendian bizi da, bertatik jaisten baita hiri eta herrietara Gabon eguneko arratsaldean. Oso ezaugarri fisiko zehatzak ditu, eta buruhandi eta urde tripa-handi modura irudikatua izan da, entendimendu gabea ere badela erantsita.
Euskal lurraldean neguko solstizioa ospatzen zela jakina da, naturaren eta eguzkiaren berpizkundea garrantzitsua zela. Hala, pertsonaiaren zaindu gabeko itxurak, zahar izateak, iragana irudikatuko luke, eta berori erretzea. Horrela amaitzen ziren Gabon eguneko kalejirak, 'sasoi zaharrarekin' lotutako guztia suntsitu eta berriari ongi etorria eginda. Bereak egin duen sasoitik berri eta oparo datorrenaren arteko jauzia da hori.
Kristautasuna Nafarroara iritsi izanak Olentzeroren izaera aldatu zuen, eta Jesus haurraren jaiotzaren berri ematen hasi zen. Hasieran, antza denez, herrietako gazteek lastozko papina eramaten zuten kaleetan zehar, dirua eta jakiak bilduz, azkenean askaria egiteko. Inoiz erre ere egiten omen zen, ziklo baten amaiera irudikatzeko, baina ez zen ohikoa. Guzti honekin lotuta, zenbait herritan Gabonetako enborra zegoen, eta erre osteko bere errautsak urte osoan gordetzen ziren iraganaren garbitasunaren sinbolo modura.
Baina aldaketak ere izan dira urteen joan-etorriarekin. Gaur egun argalxeagoa da askotan, bizar grisa du eta baita emaztea ere, Mari Domingi, azken urteotan berarekin batera kaleratzen dena. Gizon eta emakumeen berdintasuna haurtzarotik irudikatzeko bideetakoa ere bada hori, diskriminazio ororen aurka ekitekoa. Pipa hortzetan eraman izan du beti Olentzerok, baina leku askotan kendu egin diote azken urteotan tabakoaren aurkako kanpainak direla eta. Baina, aldaketak aldaketa, beti iraun du Euskal Herriko zenbait eskualdetan, Lesaka inguruan esaterako. Gaur egun zeharo hedatua da Olentzero zokondo guztietan, Nafarroako Erriberan zein Bizkai eta Gipuzkoako mugako zenbait zonaldetan, adibidez. Sustrai gehiagokoa den lekuetan ematen zaion izena ere ezberdin samarra da. Hala, Olentzaro da Lesaka inguruan, Olentzero Beran, Irunen edo Donostian, Orentzaro Zarautzen, Onentzaro Andoainen edo-ta Orantzaro Berastegi eta Larraunen.
Izena bat edo bestea dela, garrantzitsuena berarekin daramana da, alaitasuna banatzen duelako, eta itxaropenezko mezua. Etortzear dagoen sasoia doana baino hobea izan daitekeenarena, besteak beste. Ongi etorri aparta merezi dute Olentzerok eta Maro Domingik, eta 24ko arratsalde-iluntzean izango da aukera horretarako. Gabon zoriontsuak!

Oso aspaldikoa da Olentzeroren jatorria, kristautasunaren aurrekoa.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes