Ongizatea neurtzeko aldagai garrantzitsuenetakoa da babes sozialera zuzentzen den dirutza eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez iaz 16.938,7 milioi euro baliatu ziren horretarako, aurreko urtean baino %1 gehiago. Datuok Eustatek eman ditu ezagutzera, Gizarte Babesaren Estatistika Integratuen Europar Sistemako (SEEPROS) metodologia jarraituz. Barne Produktu Gordina aintzat hartuta, babes sozialera bideratutako gastua horren %24,5 izan zen iaz, 2014ean baino puntu erdi gutxiago, baina 2010ean baino ia bederatzi hamarren gehiago eta 2008an baino %4 puntu gehiago. Biztanleko gastuari dagokionez, gizarte-babesera zuzendutakoa 7.797 eurokoa izan zen aurreko urtean, 2014an baino %1,1 gehiago eta bost urte arinago baino %6 gehiago.
Prestazio guztiak kontuan hartuta, Zahartzaroa deritzan funtzioa —bere baitan pentsioak eta prestazio asistentzialak hartzen ditu, ostatua eta etxeko arreta—pisu handienekoa izan zen 2015ean. Guztira 7.150,4 milioira heldu zen eta, gainera, hauxe izan zen gora gehien egin zuena, %4,2 hain zuzen ere. Bigarren garrantzitsuena Gaixotasuna/Osasun-laguntza izenekoa izan zen iaz, 4.268 milioi eraman baitzituen, 2014an baino %2 gehiago.
Langabezia funtzioa hurrengoa izan zen, langabezia-prestazioak, enpleguaren sustapena eta horretarako prestakuntza hartzen dituena. Zehazki, 2015ean gastuaren %7,4 izan zen, duela bi urtekiko jaitsi zen gastu bakarra izanda, %19,6 hain zuzen. Ez zen hori gertatzen zen lehen aldia, 2014ean ere behera egin baitzuen gastu horrek, %18,3. Urte horretako analisiak adierazten du —eta hori da behin betiko datuak dituen azkenengo urtea— dirutan emandako langabeziko prestazioek %18,8 egin zutela behera 2013koekin alderatuta, eta jenerotan emandakoa ere (langabetuen prestakuntza, batik bat) %9,9 jaitsi zela. Aldaketa horiek bat datoz langabezia-prestazioen onuradunen beherakadarekin. Jaitsiera hori, guztira, %17,5ekoa izan zen 2015ean eta %11,8koa 2014ean.
Babes sozialera bideratutako gastua egiten duten erakunde-unitateei dagokienez, Gizarte Segurantzako Sistemak eta Estatuko Administrazioak egindakoa gastu osoaren %61,3 izan zen 2014ean, eta %0,5 egin zuen gora 2013koarekin alderatuta. Euskal Administrazioek egindako gastua %31,3koa izan zen 2014an, 5.243,1 milioi eurokoa, aurreko urtean baino %1,9 gehiago. Talde horren barruan gizarte-zerbitzuen sistema publikoa dago eta osatzen dutenak Eusko Jaurlaritza (Lanbide barne), foru aldundiak eta tokiko administrazioak dira. Horien gastuak %3,6 egin zuen gora, eta 2013an 1.814,4 milioikoa izatetik 2014ean 1.878,6 milioikoa izatera igaro zen. Euskal Administrazioaren gastuaren barruan dagoen osasun-sistema publikoaren gastuak %0,9 egin zuen gora. 2013an 3.332,9 milioikoa izan zen eta hurrengo urtean 3.364,5ekoa.
Eurostatek argitara emandako azken datuak aintzat hartuta, 2014koak hain zuzen, Europarekin alderatuz gero Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleko babes sozialeko gastua, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunean neurtuta, 8.341ekoa izan zen, 27ko Europako Batasunekoaren gainetik —7.937— eta baita Espainiakoaren gainetik ere —6.121—. Egoera hori ez da berria, gainera, 2008tik ari baita gertatzen.
![]() |
Babes sozialeko gastua handiagoa da EAEn 27ko Europako Batasunean eta Espainian baino. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.