Udazkenak ia bi heren eman ditu eta eguraldia dezente gaiztotu da azken egunotan. Horrek errepideetan arreta bereziz gidatzea eskatzen du eta horregatik aurkeztu berri du Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak 2016-17 Neguko Bidezaintza Plana, hainbat administrazioren lanak koordinatzen dituena. Hala, hirurehun baliabide mugikor baino gehiago ariko dira lanean: elurra kentzeko makinak, patruilak, eta laguntza eta zaintzako ibilgailuak. Orotara, foru aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 168 makina baliatuko dituzte eta, horiekin batera, 130 ibilgailu dituzte koordinazio eta zaintza lanetarako. Baina gehiago ere badago. Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak zazpi garabi astun aktibatzen ditu edukiera handiko ibiligailuak erretiratu behar dituenetako eta Ertzaintzak operatiboaren esku uzten ditu Trafikoko Unitateetako patruilak. Gainera, hilabeteotan horien kopurua handitu egingo da eta ertzain-etxeetako baliabideak gehituko zaizkie.
Plana abiatzearekin batera, erakundeetatik ohiko aholkuak gogorarazi dituzte. Eguraldi txarrarekin are zuhurrago gidatu behar da, astiroago ibilita eta aurrean doazen ibilgailuekin tarte handiagoa utzita. Izan ere, zoru bustian distantzia handiagoa behar da ibilgailua guztiz gelditzeko. Euria ari duenean, pneumatiko higatuek ez dute ura egokiro husten eta istripuak eragin ditzakete. Beraz, aldiro ordezkatzea ezinbestekoa da. Beira garbigailuen gomak ere egoera onean eduki behar dira beti, eguraldi txarra hasi bitartean itxaroten egon behar barik.
Baina badago oinarrizko aholku gehiago. Izotzari aurre egiteko, hotz handiko egunetan, segurtasun neurririk onena ahalik eta arreta handienarekin gidatzea dela nabarmendu dute euskal erakundeetatik. Izota agertzen denean, ABS edo lau gurpileko trakzioaren gisako sistemak modernoek ez dute inor libre uzten irrist egiteko arriskutik eta, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea da beti egokiena.
Neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dute, trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen baitute zoruan ura, izotz zuria, izotza edo elurra dagoenean. Pneumatiko mota horiek jarri ez badira elurte garaietan ezinbestekoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea, gidari askok ez baitute prozesua behar bezala ezagutzen. Funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez ibiltzea. Astiro frenatzen ahalegindu beharra dago, ahalik eta goxoen, gurpilak blokea ez daitezen, hori gertatuz gero ibilgailua kontrolik gabe geratuko baita. Horrelakoetan, balazta pedala askatu behar izango da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-balazta erabili balazta pedalarekin txandakatuta. Elurrarekin abiatzean, azkenik, pixkanaka azeleratu behar da, eta gurpilak irristatzen badira martxa handiagoa sartzea da egokiena, gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.
Aurrera begirakoak aurkeztea gain, Trafikoko zuzendariak iragan denboraldiko planaren balantzea eman zuen ezagutzera joandako martitzenean. Guztira, 2015-16 neguko denboraldian plana 11 aldiz aktibatu zen jarraipen eta informazio fasean; eta 8 aldiz heldu zen fase operatiboraino, elur-kota 700 metrotik behera jaitsi zelako. Orduko hartan elurra beranduago heldu zen euskal errepideetara, lehen elurtea azaroaren 21ean eta 24an izan zelako, elur-kota 700-900 metrotan kokatuta. Bigarren elurtea aurtengo urtarrilaren 14 eta 16 artean izan zen. Elur-kota 600-800 metro artean kokatu zen eta, aldiro, 500 metrora arte jaitsi zenez fase operatiboari ekin zitzaion. Baina elurra gehiagotan ere agertu zen: otsailaren 6an eta 7an, hil horren 14 eta 16 artean —elur-kota 200-300 metrora helduta— 17-19an , 26-29 bitartean; eta martxoaren 4-8 artean, 9-11n eta 16-17an. Martxoaren 31tik apirilaren 4ra arte aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana azkenaurrekoz, eta apirilaren 7-8an azken aldiz. Negualdi horretan ez zen ia zirkulazio arazorik izan, eta garabi astunek ez zuten aurrekoetan bezainbeste mobilizatu behar izan.
![]() |
Neguko Bidezaintza Plana erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.