Abendua gerturatu ahala, Durangoko Azokara begira dago euskal kultura. Eta nobedadeak egunez egun ari dira plazaratzen, datorren hilaren 2tik 6ra bitartean bertan salgai jarriko diren guztien aurrerapen legez. Baina Azokako momentu garrantzitsuenetakoa Argizaiola Sariaren banaketarena izaten da, aurten 25. aldiz egingo dena. Antolatzaileek euskal kulturaren aldeko 'inurri-lana' aitortu gura izan dute honakoan, horretan ibili diren guztiei esker ona adieraziz. Hala, kultur elkarteetan orduak eta orduak sartu dituztenak; gau eskolak eta antzekoak mantendu dituztenak; liburu, liburuxka, egunkari, aldizkari eta antzeko argitalpen ugari plazaratu dituztenak; ekintzak ezagutzera emateko hormatan milioika kartel jarri dituztenak eta antzekoak saritu nahi dituzte horietako sei lagunek jasoko dituzten oroigarriaren bitartez.
Dena den askoz gehiago eskainiko du Durangoko Azokak. Datuei erreparatzea baino ez dago: 349 nobedade, 246 erakusleiho, 200 kultur ekitaldi baino gehiago. Bost egun horietan —inoiz baino arinago hasiko da aurten, baita ohikoa baino lehenago amaitu ere—, Kulturaren Plazara gerturatzen direnek 200 ekitaldiz gozatu ahal izango dute: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta beste hainbat.
Areto nagusian, zabalkunde lanei dagokienez 45 aurkezpen egingo dira, denetarikoak: Lehenengo Mundu Gerrari buruzkoak, hizkuntzaren ingurukoak, futbolaren gainekoak eta askoz gehiago. Gogoetaren Plazak, aldiz, hirugarrenez, kulturgintzaren hausnarketak eta eztabaidak bilduko ditu. Lau izango dira zehazki bertan jorratuko direnak: abenduaren 3an 'nola ikusten gaituzte euskaldunoi?' galdera erantzutea izango da helburua; hurrengo egunean ondareaz jardungo dira bertan bildutakoak; hilaren 5ean kultur edukiontziak kudeatzeko moduez ariko dira (goi mailako kultur zentroez, arte erresidentziez..); eta azken egunean telebista eredua izango da eztabaidagaia.
Ahotsenean, bestalde, 2016ko diskoen eta liburuen aurkezpenak egingo dira. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musikak taldek aurkeztuko dituzte euren lanak. Solasaldien gunean, berriz, 50 sortzailek baino gehiagok egingo dute, idazleek baina baita zenbait musikarik ere. Gainera, bide luzeko sortzaileek hasiberriekin partekatuko dute eszenatokia. Gatibu, Kokein, Revolta Permanent, Labrit edo Etxerekin batera, Kohatu, Zazkel, Rukula, Magnético Grupo Robot edo Errime ariko dira. Idazleei dagokienez hamaika pasako dira bertatik: Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Miren Gorrotxategi, Patxi Larrion, Mariasun Landa eta beste zenbait. Iparraldetik hainbat ordezkari gerturatuko dira Durangora. Zuzenekoetan Tristtan Mourguy, Xabaltx, Otxalde, Arramazka, Bidaia, Begiz-Begi eta Pier Paul Berzaitz; eta idazleen artean Erich Dicharry eta Amaiur Blasco.
Plateruena Azokako beste gune nagusietakoa da. Abenduaren 2an Willis Drummond izango da bertan, eta hurrengo egunetan etorriko dira Zea Mays, Hesian, Shakeitan eta Bide Ertzean. Eta Irudienea ere ez da faltako, seigarren urtez jarraian. Euskal ikus-entzunezkoen aretoa da honakoa, eta elkargune ere bada. Jakintza kolektiboa partekartzeko, Euskal Herria eta kultura ezagutzeko eta, batik bat, euskal sortzaileek euren lanak proiektatzeko gunea da.
Durangoko Azoka ia berton dago, 51.ez, eta ez dago aitzakiarik ez bertaratzeko. Nobedade ugariek edonor asebetetzeko aukera emango dute, euskarazko kultur sormena inoiz baino aberatsagoa eta anitzagoa baita gaur egun. Hamabost egun barru ikusiko da.
![]() |
Milaka lagun biltzen ditu urtero Durangoko Azokak abenduaren hasieran. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.