miércoles, 23 de noviembre de 2016

BPG %3 igo da urte arteko epean

Aurtengo hirugarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak (BPG) %3 egin du gora aurreko urteko epe berberaren aldean. Hala diote Eustat-ek jakinarazi berri dituen datuek, eta albiste ona dira euskal ekonomiarentzat. Aurreko hiruhilekoa erreferentziatzat hartuta, ostera, hazkundea txikiagoa izan da, %0,6koa hain zuzen. Euskal ekonomiaren hazkundea uztailetik irailera bitarteko aldian Espainiakoa baino bi hamarren txikiagoa izan da urte artean, eta 19 kideko Eurogunekoa baino puntu bat eta lau hamarren handiagoa, bertakoa %1,6koa izan baita.
Eskaintzari dagokionez, Industriak eta Zerbitzuek egin dute posible BPGaren urte arteko igoera. Lehen Sektorean, aldiz, tasa negatiboa izan da, eta Eraikuntzan positiboa. Hiruhileko honetan, Industria %2,9 hazi da urte artekoan, bigarrenean baino bost hamarren gehiago zehatz-mehatz. Urte arteko honek %1,4ko hazkundea eragin du aurreko hiruhilekoaren aldean. Manufaktura-industria, berriz, bi hamarren gehiago hazi da, %3,1; eta hiruhilekoen artean, %1,5. Eraikuntzan hazkundea %1,9koa izan da hirugarren hiruhilekoan, bigarrenekoaren %2,7aren azpitik. Urte arteko honek %0,2ko hazkundea ekarri du aurreko hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuak aintzat hartuta, urte artekoan igoera %3,1ekoa izan da, aurrekoan %3,4koa izan zen bitartean, eta azpisektore guztiek modu positiboan jokatu dute. Hazkundea handiagoa izan da Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioetan, %3,7koa. Berdin jazo da Gainerako Zerbitzuetan, besteak beste finantzak eta seguruak biltzen dituen honek %3 jo baitu gora. Lehen alorrean hazkundea bi hamarren gutxiagokoa izan da bigarren hiruhilekoaren aldean; eta Gainerako Zerbitzuetakoan, sei hamarren gutxiagokoa. Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte Zerbitzuak, azkenik, %2,4 hazi dira urte artekoan, aurreko hiruhilekoaren pare. Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioetan, eta baita Gainerako Zerbitzuetan ere, igoera %0,5ekoa izan da, eta gainera azpisektore guztiei eragin die. Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasungintza eta Gizarte Zerbitzuak hartzen dituen alorrean, aldiz, igoera %0,3koa izan da aurreko hiruhilekoaren aldean.
Sektore agregatuen joerak Balio Erantsiaren urte arteko bilakaera positiboa ahalbidetu du, %3rainokoa. Zehazki, aurreko hiruhileko urte arteko datua baino hamarren bat txikiagoa izan da. Hiruhilekoen artean, aldiz, hobera egitea %0,6koa izan da uztailetik irailera bitarteko epean. Barne Eskaria %2,7 hazi da urte artekoan, aurreko hiruhilekoan baino gutxiago. Hazkundea apaldu egin da, beraz, eta bi osagarrietan jazo da: Azken Kontsumoko Gastuan eta Kapital Eraketa Gordinean. Kanpoko sektorean, urteko esportazio tasak handiagoak izan dira inportazioenak baino, eta biak aurreko hiruhilekoetakoen azpitik geratu dira.
Familia-etxeetako Azken Kontsumoaren Gastua, edo Kontsumo Pribatua, %3,1 gehitu da urte artean, bigarren hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago. Hiruhilekoen artean, ostera, hazkundea %0,3koa izan da. Kontsumo Publikoa, Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastua, %0,8 gehitu da urte artekoan, eta %1,1 egin du behera hiruhilekoen artekoan.
Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, enpleguak hobera egin du Industrian eta Zerbitzuetan. Egonkor jarraitu du Eraikuntzan eta negatiboa izan da Lehen Sektorean. Urte artean enplegua %2 gehitu da. Industrian, beste horrenbeste. Eraikuntzan hazkundea gertatu da 2008ko lehen hiruhilekotik lehen aldiz urte artekoan; eta Lehen Sektorean, azkenik, enplegua %1,3 makaldu da. Urte artean, BPG %3,3 gehitu da Araban, eta hori izan da hazkunderik handiena; %3 Gipuzkoan eta %2,8 Bizkaian. Hiruhilekoen artean, Araban igoera %1,1ekoa izan da, Gipuzkoan %0,7koa eta Bizkaian %0,4koa.

Astiro-astiro, euskal ekonomia hobera egiten ari da.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes