Osakidetzak angiografo berria erosi du Gurutzetako Ospitalerako eta oraintxe bertako teknologia honek urrats handia ahalbidetuko du patologia neurobaskularren diagnostikorako —iktusak eta burmuineko aneurismak antzemateko, adibidez— eta horien ondorengo tratamendua ahalik eta leunena izan dadin. Gailu berriaren aurkezpenean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua egon ziren, besteak beste. Angiografo berria 6. C-ko bloke kirurgikoan jarri dute eta hori ahalbidetzeko 55 metro koadroko miaketa gela berria egokitu behar izan da. Tresneria berri hau erosteko Eusko Jaurlaritzak 1.300.000 euro baliatu ditu, merkatuan dagoen teknologia aurreratuenekoa baita.
Lehendakariak berak aurkezpenean adierazi zuen legez, "angiografo digital hau jauzi kualitatiboa da Gurutzetako Neuroerradiologiako Unitatean hartzen dituzten herritar guztientzat". Unitate honetan 400 bat diagnostiko egiten dira urtero —burmuineko angiografiak edo arteriografia medularrak, esaterako—, eta 470etik gora ebaketa: arterien arteko iktusak, burmuineko aneurismak edo burmuineko zainarterietako malformazioak.
Sistema biplano honek berariazko softwarea dauka, hiru dimentsiotan irudi guztiz zehatzak lortzeko eta modu horretan beharrezkoa den informazio guztia izateko, bai tratamendua egokitzeko zein hori segurtasunez burutzeko, hiru dimentsioko espazio batean ebakuntza egiten ari den lekuko ikuspegi zehatza eskainiz. Modu honetan, segurtasun handiz ekiten zaie tratamenduei, honakoei adibidez: Iktusa duten gaixoei koaguluak kentzekoei, aneurismak sendatzekoei, zainarterietako malformazioen tratamenduzkoei edo-ta karotida-arterien buxadurei aurre egitekoei.
Sistema berri eta iraultzaile honek abantaila oso garrantzitsuak ditu orain artekoekiko. Lehenik, aztertu beharreko area anatomikoaren balorazio azkarrago eta osatuagoa ahalbidetzen du, eta informazio kantitate bera lortzeko beharrezko kontraste dosia erdira jaitsita. Horrek segurtasun handiagoa dakar gaixoarentzat, eta miaketan ematen den denbora laburtzea. Bestalde, profesionalei dagokienez, esposizio dosia nabarmen gutxitzea egiten du posible eta, prozedura azkarragoa denez, gaixo gehiago har ditzakete, itxarote-zerrendak laburtu eta arreta azkarrago eta eraginkorragoa eskainiz.
Angiografoaz gain, Kanpoko Kontsulten 2 Eraikineko instalazio berriak bisitatu zituzten agintariek aurreko eguenean. Bertan daude Neumologia, Barne-medikuntza eta Infekziodunen kontsulta berriak, urtean zehar lau milatik gora gaixo hartzen dituztenak. Ekipamendu honek 24 kontsulta berri ditu, 800 metro koadroko gunean banatutakoak, eta 625.000 euroko inbertsioak egin du posible. Anatomia Patologikoko pabilioi berria baliatuta, gaixoen iriskortasuna hobetu da kontsulta berriak kale mailan daudelako. Gutxi balitz, diagnostikorako eta tratamendurako espazioa handitzerakoan gaixoen eta profesionalen erosotasuna handitu da; eta kontsumo energetikoa murriztu, ekipamendua eraginkorragoa baita maila horretan.
Urkullu lehendakariaren esanetan, ekipamendu berria Osakidetzaren azpiegituren bestelako berrikuntzei gehitu behar zaie, eta beste urrats bat da Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak euskal osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzeko elkar hartuta duten estrategian. Helburua, honakoa: "gaixoei eskainitako zerbitzua hobetzea, batik bat segurtasun klinikoan eraginez".
![]() |
Gurutzetako ospitalean jarri dute angiografo digital berria. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.