Kopurua ikaragarria da. Europako Batasunean 25 milioi haur inguru daude pobrezian erortzeko eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan, Save The Children erakundeak jakinarazi duenez. Horiek EBko zazpigarren herrialde populatuena osatuko lukete lurralde zehatz batean bilduz gero. Espainian, aldiz, 2.460.000 dira egoera horretan dauden umeak, herrialdeko ume guztien arteko %29,6 hain zuzen. Errumaniak baino ez ditu kopuru txarragoak.
Estatistika horien arabera, Europako ume txiroen batazbestekoa %21,1ekoa da. Etxean sartzen den diruaz gain, gurasoek lan egiten duten ala ez eta umeak elikatzeko, horiei berogailua jartzeko eta arropa eta aisialdia eskaintzeko gaitasunari dagozkion datuak aintzat hartuz gero, Espainia bosgarrena litzateke pobrezia eta bazterketa soziala neurtzen dituen AROPE indizean, umeen %34,4 baititu egoera horretan, beti ere aipatutako taldearen datuen arabera.
Espainiako egoera bereziki larritzat jo dute kopuruok ezagutzera eman dituztenek. Euren ustez, "laguntza sozialak, eskuragarritasun mugatukoak eta gurasoek lan egiteak baldintzatutakoak, ez dira nahikoa inondik inora", eta umeak babestera zuzendutako Barne Produktu Gordinaren ehunekoa, 1,3koa, EBko batazbestekotik puntu bat beherago dago. Hala, laguntza sozialak jaso aurretik pobrezia arriskuan dauden umeen kopurua %37,5ekoa litzateke, eta horiek eskuratu ostean %29,6ra jaisten da. Beraz, laguntzek 7,9 puntutan murrizten dute umeen arteko pobrezia arrisku zuzena.
Save The Children-en esanetan, Espainiakoaren antzeko krisia jasandako Irlandarekin konparatuz gero, hango laguntza sozialek 27,3 puntutan murriztu dute umeen arteko pobrezia, egoera horretan zeuden umeak %44,3 izatetik %17ra jaitsiz. Ildo horretatik, taldeak borondate politikoa eta inbertsioa eskatzen ditu arazoari aurre egiteko, eta erabaki horiek Estatu aberats zein txiroen esku daudela gainerantzen du. Izan ere, "herrialde guztiei dagokie umeen betebeharrei aurre egitea eta bizitza duina bermatzea, guztiek aukera berdinak izan ditzaten".
Umeen laguntzarako erakunde honen aldizkariak lekukotzak ere jasotzen ditu, umeenak: "Gela berean lau pertsonak egiten dugu lo, nire gurasoek, ahizpak eta nik, oso etxe txikia daukagulako. Etxera heltzen naizenean hotz egiten du, eta udan bero gehiegi". ELGE/OCDEren arabera, krisian zehar Espainia izan da aberats eta txiroen arteko aldea gehien handitu den herrialdeetakoa.
Egoera horrek eragin zuzena izan du Hezkuntzan. 2008tik hona, arlo horretara bideratutako dirutza %12 murriztu da eta "baliabide gutxien dituzten familietako umeek aukera gehiago dute orain eskolan porrot egiteko". Zehatz-mehatz, egoera sozioekonomiko txarrean dauden familietako umeek matematiketan eta irakurketan emaitza txarrak lortzeko heren bete aukera gehiago dute.
Pobreziari eraginkortasunez aurre egiteko, Save The Children-ek zenbait neurri abiatzea eskatzen die Europako Batasuneko kide diren herrialdeei, beharrezko inbertsiozko plan nazionalak ezartzea esaterako. Horrez gain, EBri eta Batzordeari Ume Bermea indarrean jartzeko galdegiten die, gaitasun finantzieroa gehitu eta umeengana zuzendutako gastuaren eragina hobetzeko. Espainiari dagokionez, 2017rako aurrekontua lantzen ari diren honetan, umeentzat babes sozialeko eta hezkuntza mailako politiketan inbertsioa areagotzearen alde egiten dute, Europako mailetara heldu bitartean; eta norbere kargu dagoen ume bakoitzeko hileroko 100 euroko laguntza eskatzeaz gain, guraso bakarreko familientzat %50eko bonifikazio gehigarria gura dute.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.