Krisiak Europan sekulako eragina izan eta ahulenei ezezik klase ertainari kalte handia egin dion arren, mundu mailan txiroen kopuruak behera nabarmen egin duela jakinarazi berri du Munduko Bankuak. Zehazki, horren arabera, duela 26 urteko zenbatekoak 2013koa bikoizten zuen. Munduko eskualde guztietan, Ekialdeko Europan eta Asia Erdian izan ezik, pobreziak behera egin duela adierazi du aipatutako erakundeak, nahiz eta Saharaz hegoaldeko Afrikak zigortuena izaten jarraitzen duen. Hala, han ere pobrezia jaitsi arren munduko behartsuen erdia baino gehiago bertan dago.
Munduko Bankuaren azken datuen arabera, 2013an 767 milioi pobre zegoen munduan egunero 1.90 dolar baino gutxiagorekin bizirauten. Aurreko urtearekiko, zenbateko horrek %12,9 egin zuen behera, eta 1990eko pobre kopuruaren erdia baino gutxiago da hori, 1.850 milioi behartsu baitzegoen orduko hartan. Azken hamarkadetan horien kopuruak etengabe behera egin duela adierazi du aipatutako iturriak, 1996 eta 1999 urte bitarteko salbuespenarekin, orduan %1,6 igo baitzen.
Osotasunaren gaineko portzentaiari dagokionez, 2013an populazioaren %10,7 zen pobrea, lehenago adierazitako baldintzetan. Urtebete lehenago %12,4koa zen kopurua, eta 2002an, esaterako, %25,3koa. 1990ean, ostera, portzentaia hori hirukoiztu egiten zen, munduko populazioaren %35 hartzeraino. Datuak portzentaiatan hartuta pobrezia tasak etengabe egin du behera Munduko Bankuaren arabera, baina ez da hori gertatzen kaltetutako pertsonen zenbatekoa bada neurria, populazioa hazi egin delako behin eta berriz. Hori jazo zen lehenago aipatutako epean —1996 eta 1999 bitartean—, osotasunaren gaineko portzentaia jaitsi zen arren pobreen zenbatekoak gora jo zuelako.
Saharaz hegoaldeko Afrika da pobreziak gehien astindutako eskualdea, alde handiz gainera, bertan baitako munduko pobreen %50,7. Sailkapen horretako bigarrena Asiako hegoaldea da, %33,4rekin. Horien ostean datoz Ekialdeko Asia eta Pazifikoa, Latinoamerika eta Karibea eta, azkenik, Europa Ekialdea eta Erdiko Asia. Gainerakoetako pobreen kopurua mundukoaren %0,8 baino ez da. Beti, jakina, pobrezia Munduko Bankuak zehaztutako eran hartuta.
1981ean munduko populazioaren ia %42 zegoen pobrezian, 2013an %10,6ra arte jaitsiz. Tarte horretan, eskualde guztietan egin zuen behera pobreziak, Ekialdeko Europan eta Erdiko Asian izan ezik. Ekialdeko Asia eta Pazifikoa izan da pobreen kopurua gehien gutxitu duen eskualdea. 80. hamarkadaren hasieran bertako populazioaren %80 zen txiroa, eta 2013an kopuru hori %3,5era arte jaitsi zen. Munduko eskualde hau pobre gehien zituena izatetik —Saharaz hegoaldeko Afrikak baino gehiago zituen— gutxien dituztenen artekoetara igaro da. Ekialdeko Asia eta Pazifikoaren beherakadak, 1993an Saharaz hegoaldeko Afrika utzi zuen pobrezia handieneko eskualde modura. Urte horretantxe izan zuen, gainera, pobrezia mailarik handiena, bere populazioaren %58,4 harrapatu zuena. Hortik aurrera beherakada etengabekoa izan da, nahiz eta oraindik pobrezia gehieneko eskualdea izan, eta azken datuen arabera populazioaren %40,9 dago egoera horretan.
Munduko Bankuaren datuen arabera, India da pobre gehien dituen herrialdea, ia 270 milioi, eta atzetik datoz Nigeria, 85 milioirekin; Kongoko Errepublika Demokratikoa, 54 milioirekin; Etiopia, 29rekin; eta Bangladesh, 28rekin. Bost herrialde horien atzetik datoz, hurrenez hurren, Txina, Tanzania, Indonesia, Madagaskar eta Mozanbike.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.