lunes, 3 de octubre de 2016

Oinarrizko bekatua, oinarrizko eskolan


Sarri aipatu izaten da irakaskuntza-eskaintzaren eta enpresa-eskabidearen arteko koherentzia, lotura edo zubigintza areagotu beharra. Baita salatu ere, zenbait Ikasketa-motak nekez aurkitu ohi duela lanpostu aproposik merkatuan eta, aldi berean, paradoxa bada ere, hainbat enpresak ez duela bere premiei erantzungo dien langile aproposik topatzen.

Prestaketa-mota eta lan-eskaintzaren arteko egokitasunik eza unibertsitate-esparruan zein lanbide-heziketan nabarmendu izaten da sarri, baina ez, ordea, lehen irakaskuntzaren aurrenengo mailetan. Hau da, berriz, Emiliano Lopez Atxurra enpresariak salatu berri duena, orain hurrengo Zamudioko Teknologia Parkean emandako hitzaldian zehar.

Petronorren eta Tecnaliaren lehendakariari jaramonik egingo badiogu, erabat birmoldatu beharko litzateke haurren eta neska-mutikoen hezkuntza, haren ustez euskal ikasleen prestakuntza egokirik eza lehendabiziko mailetako eskola-ereduan oinarritzen baita. Zamudioko teknologoen artean azpimarratu zuenez, gurean indarrean dagoen irakaskuntza-eredua memoria-trebakuntzan oinarritzen omen da eta ez, ordea, ausnarketa-ahalmen lanketan.

Gazte jendeari ez omen zaio behar beste bere kasa pentsatzen irakasten, ezta elkarrekin taldean lan egiten ere. Gure haurrak lotsatiegiak omen dira, porrotaren beldur, eta ez dira seguru sentitu arte ezer azaltzeko gauza. Gutxieneko ausardia-puntua falta da.

Nazioarteko berrikuntza-sektorean bada honako lelo esanguratsu hau: “Zure produktua merkatuan azaltzeko orduan, ez lotsatzeko besteko perfekzioa noiz lortuko zain bazaude, beti berandu plazaratuko zara”. Lelo honen arabera, euskal produktua nekez izango da aurrena nazioarteko merkatuan. Eta, oinarrizko bekatua, lehen eskolan omen dago.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes