miércoles, 12 de octubre de 2016

Nesken eguna

2011tik, urriaren 11 Neskaren Nazioarteko Eguna da, nesken eskubideak eta mundu osoan dituzten arazo bereziak aintzat hartzeko, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) adierazi bezala. Aurten 'Nesken berdintasuna' izan da ardatz hartu dutena, 'gazte horien gaineko eguneroko desabantailak eta diskriminazioa agerian jartzeko'. Egun horren haritik, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon jaunak mezu bat zabaldu zuen. Bertan dioenez, "sarri askotan, mundu osoko herrixketan, auzo marginaletan eta errefuxiatu guneetan neskak atzean geratzen dira: ez dituzte janari elikagarriak jasotzen, ez arreta medikoa, ez kalitatezko hezkuntza, eta indarkeria sexuala jasateko arriskupean egoten dira".
Bere esanetan, ezinbestekoa da NBEren ekimenak "neska guztiengana hel daitezen", honakoengana batik bat: "muturreko pobrezian bizi diren neskengana, eremu landatar isolatuetan daudenengana, desgaitasunen bat dutenengana, komunitate indigenetakoengana, neska errefuxiatuengana edo-ta euren herrialdeetan lekuz aldatu dituztenengana". 2011ko abenduaren 19an, NBEren Asanblada Orokorrak 66/170 ebazpena onartu zuen, urriaren 11 Neskaren Nazioarteko Egun izendatuta.
Nesken egoera ez da batere gozoa mundu zabalean. Gobernuz Kanpoko Erakundeek ohartarazi dutenez, umeen ezkontzak mehatxurik handienetakoa dira horien hezkuntza, osasun eta segurtasunerako. Zazpi segunduro, 15 urtetik beherako neska bat ezkontzen dute munduan, eta 65 milioitik gora dira eskolara ez doazen neskatilak. Baina askoz gehiago dago. Munduan, 15 eta 19 urte bitarteko neskato nerabeetako zazpitik bat ezkonduta dago edo bikote harremana du. Dagokiena baino lehen ezkontarazten dituzten nesken artean asko dira "giza eskubideen aurkako hamaikatxo bortxaketa jasaten dituztenak". Izan ere, kalteberagoak dira indarkeria fisikoaren eta sexualaren aurrean, etxeko lanak euren gain hartzeko eskola uztera behartzen dituzte eta gaitasun gutxiago dute euren burua eta eskubideak defendatzeko.
Garapen bideko herrialdeetan, egunero 18 urtetik beherako 20.000 neskak erditzen dute. Urtero, beraz, 7 milioi dira umea izaten dutenak. Egoera horretan, neska txiroek baliabidedunek baino 2,5 aldiz aukera gehiago dute umetan ezkontzeko. Horietan, Txina salbu, hiru neskatik bat 18 urte bete baino lehen ezkontzen da, egunero 47.700 neskato. Hezkuntzan jarraitzen dutenek aukera gehiago dute ezkontza eta umeak ekartzea atzeratzeko. Hala, bigarren hezkuntzan jardun duten neskek sei aldiz aukera gutxiago dute umetan ezkontzeko, heziketa gutxi edo gabekoekin alderatuta.
Unescok salatu duenez, lehen eta bigarren hezkuntzan behar luketen 65 milioi neska inguru ez doaz eskolara mundu osoan. Gainera, Unicef-en esanetan, neskek %40 denbora gehiago ematen dute etxeko lanetan mutikoek baino, 160 milioi ordu gehiago, euren haurtzaroaren, heziketaren eta hazkundearen kaltetan. Adin txikikoen arteko ezkontza gehien duen eskualdea Afrika subsahariarra da, bertan 10etik 4 neska 18 urte bete baino lehen ezkontzen direlako. Gutxi balitz, 8tik 1 inguru 15 urte egin baino lehen ezkontzen edo parekatzen dira. Ostean datoz Latinamerika eta Karibea zein Ekialde Hurbila eta Afrikako Iparraldea, horietan 20 eta 24 arteko emakumeen ehuneko 24 eta 18, hurrenez hurren, adin txikiko izandakoan ezkondu baitziren.
'Save the Children' erakundeak 144 herrialde sailkatu ditu mundu osoan neskek askatasunez hazi eta hezitzeko eragozpen gehien non dituzten kontuan hartuta. Egoerarik txarrenean, Niger, Txad, Ertafrikako Errepublika, Mali eta Somalia daude, eta onenean, aldiz, Suedia, Finlandia, Norvegia, Herbehereak eta Belgika.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes