Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Basquetour, turismoaren euskal agentzia, elkarlanean aritu dira Euskadiko ikasleek euskal mitologia eta bertako pertsonaia mitologikoen sorrera-leku izan diren inguruneak hobeto ezagutu ditzaten. Material didaktiko hau hasiera batean Euskadira heltzen ziren bisitarientzat pentsatuta sortu zen, euskal mitologia eta pertsonaia mitologikoak aintzat hartuta ibilbide turistikoak proposatzen dituelako, baina orain pertsonaiak eta euren inguruko kondairak sortu ziren zenbait eskualde ezagutzeko aukera emango die ikasleei. Zehazki, liburuak sei ibilbide biltzen dtu, horietako bakoitza pertsonaia mitologiko bati lotuta. Liburuak, gainera, Toti Martínez de Lezea idazle ospetsuak idatziriko zenbait legenda jasotzen ditu.
Liburuak aurkezten dituen pertsonaia mitologikoak honako hauek dira: Amari, Iratxoak, Erraldoiak, Herensugeak, Sorginak eta Lamiak. Lehenari dagokionez, euskal kulturaren jainkosa da Amari, Mari, Amalur, gauza ororen sortzailea; ikusten dena eta ikusten ez dena, ona eta txarra, ezaguna eta ezezaguna. Eguzkiaren eta lurraren sortzailea izaki, naturaren indarrak kontrolatzen ditu. Iratxoei dagokienez, txikiak, egonezinak, bihurriak eta hiperaktiboak dira, itzelezko indarra duten eta galtza gorriekin ibiltzen diren jeinu ñimiñoak. Galtzagorriak dira, leku batzuetan Familiarrak edo Mamarruak izenez ere ezagunak. Iratxo txiki horien jabeak orratzontzi batean gordetzen ditu. Beti daude prest agintzen zaien edozein zeregin betetzeko, nahiz eta ezinezko lanak izan.
Zer esan erraldoiei buruz? Ba itzelezko indarra dutela, mendi eta basoetan bizi direla eta, egun bakan batzuetan haranera jaisten direla. Oldarkorrak direnez, zenbait lekutan herritarrak horien beldur dira. Besteetan, ostera, izaki onbera eta atseginak dira. Halakoxeak dira euskal erraldoiak. Kristautasuna heldu aurretik berton bizi ziren jentilek garia landatzen erakutsi zieten, ehotzeko harria erabiltzera eta tresnak egiteko burdina urtzera. Eta herensugeak? Dragoi ugari dago gure mendien barrunbeetan, antza denez. Lurrazpian bizi eta kobazulo zein osinetatik irtetzen dira gainazalera. Batzuek dragoiaren itxura hartzen dute, eta beste batzuk, aldiz, musker izugarriak dira. Suge erraldoi diruditenak ere badaude. Zazpi buru eta guzti izan ditzakete eta animaliez zein gizakiez elikatzen dira.
Ezagunenetakoak sorginak dira. Gure herriko txoko askotan kontatzen dira sorginen istorioak. Araban, esaterako, 60 toki baino gehiagoko toponimiak sorginekin du zerikusia. Ez da gutxi, inondik inora. Sorginzubi, Sorginarrate eta Sorginerreka adibide batzuk baino ez dira. Gizagaineko indarrak eta joera gaiztoak dituzte sorginek, eta Akerbeltz bihurtutako deabruaren agindupean daude. Lamiak ere oso ezagunak dira Euskal Herri osoan. Adats luze horidun emakume ederraren itxura hartzen dute gehienetan. Mintz itxurako hankak, ahatearenak bezalakoak, edo ahuntz-apatxak izan ditzakete. Halere, itsasotik gertu, itsaslamiaren itxura hartzen dute, ura oso gogoko baitzaie. Beraz, ibaiertz, urmael, erreketako ur geldi eta iturburuetan bizi dira, baina askotan kobazuloetan ere bai.
Mundu aberats, interesgarri eta magikoa da euskal mitologiari dagokiona, oso aspaldiko euskal herritarrekin lotzen gaituena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak berori ezagutzeko eskaintzen duen aukera hau miragarria da, beraz; edozein ume zein heldu txunditzeko modukoa.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.