domingo, 30 de octubre de 2016

Saria ala ziria?

Ezin ukatuzkoa da azken hamarkadetan globalizazioak eragindako aldaketa sakona. Maila askotakoa izan da, baita ohiturei dagokiena ere. Egunotan froga daiteke hori, Halloween-ekin lotutako ospakizuna dela eta. 40 urte ingurutik gorakoek horrelakorik txikitan ezagutu ez eta arrotz ikusten duten arren, gaur egungo gazteenek bete-betean ekiten diote urriaren 31tik azaroaren 1era bitarteko gauean. Hitza 'All Hallows Eve' deritzanaren laburketa da, Domu Santuren bezpera adierazten duenarena alegia. Batik bat Irlanda, Erresuma Batua eta Estatu Batuen kultur eremuko herrialdeek ospatu izan dute, Kanadak eta bestelakoek. Dena den, Australian eta Zelanda Berrian, esaterako, ez dago hain sustraitua.
Bere jatorrian Samhain izeneko ospakizun zelta dago, Domu Santu egun kristauarekin batera. Haatik, kutsu sekularrekoa da, nahiz eta zenbaitzuren ustez atzean baduen nolabaiteko ikutu erlijiosoa. Irlandar etorkinek eraman zuten ohitura hau Iparrameriketara uharteko Gosete Handiaren garaian. Ohikoan, kolore laranja, beltz eta morearekin lotutako ospakizuna da. Halloween-eko eginkizun tipikoak 'saria ala ziria' izenekoa eta mozorro jaiak dira. Horrez gain, suak, sorgindutako etxeetara egindako bisitak eta beldurrezko istorioak eta filmak ezinbesteko osagai zaizkio gau horretaz bete-betean gozatu nahi duenari.
Latinoamerikara ere heldu izan da azken urteotan ospakizun hau, eta bertan ohitura da gauez ume txikienak mozorrotuta irtetzea, goxokiak eskatuz eta abestuz. Helduak gaueko jaietan biltzen dira umeak goxoki bila eraman ondoren. Hauentzat ere jaiak egiten dira, baina egunez. Euskal Herrira azken urteotan heldu da Halloween, eta gero eta gehiago dira mozorrotzen diren haurrak, eta goxoki eske ibiltzen direnak.
'Trick or treat' deritzana ('Saria ala ziria', euskeraz) jatorri zeltako legenda herrikoia zen. Hala, Halloween gauean, hildakoen espirituak ezezik, espirituzko erreinu guztietako izaki mota oro ibil zitezkeen Lurrean noraezean. Horien artean bazen bat guztiz gaiztoa, herri eta herrixketan ibiltzen zena, etxez etxe 'Saria ala ziria' eskatuz. Legendaren arabera, onena saria ematea zen, honen zenbatekoa aintzat hartu gabe; jack-o'-lantern zeritzan espiritu horrekin, Halloween-eko kalabazei ematen zaien izendunarekin hain zuzen, ados jarri ezean horrek etxea eta bertakoak madarikatuko zituelako. Madarikazio horrek zorigaitza ekar zezakeen, gaixotasunak, ganadua izurritez hiltzea edo etxea erretzea adibidez. Babes modura kalabazei itxura beldurgarria emateko ohitura sortu zen, mamu hori uxatzeko.
Gaur egun, umeak mozorrotu egiten dira eta kalez kale dabiltza atez ate goxokiak eskatuz. Ate joka aritu ostean 'saria ala ziria' eskaintzen dute. Helduek goxokiak, dirua edo beste ordainsariren bat ematen badiete, saria aukeratu dutenez gero ez dago bestelako ondoriorik. Baina ezezkoa ematen badiete txantxa txikiren bat egingo diete umeek. Ohikoenak arraultzak edo bizarra mozteko aparra jaurtitzea izan ohi dira.
Eliza Katolikoak ez du Halloween gogoko eta zenbait elizbarrutitako abadeek familiei zuzendutako ospakizun erlijiosoa proposatu dute 'fedegabeko eta panteista' irizten dioten jaiaren ordez. Hala, Holywins deritzan jai berri baten alde egin dute, santutasunak irabazten duela adierazi nahian. Familia osoari zuzendutako jaia da honakoa, txikienentzat saio musikalak, jokoak eta bestelako dinamikak prestatzen dituena. Horrez gain, santuen bizitza antzezten da, Domu Santu egunak ohikoan izan duen zentzuari lotuago dagoelakoan.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes