Hondartza denboraldia amaitu da jada Bizkaian, eta momentu ezin aproposagoa da horren balorazioa egiteko. Erabiltzaileek 10etik 7,76ko nota eman diete hondartzei, eta dauden 28etatik 23k jaso dute hori baino nota altuagoa. Ez da, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula. Baloraziorik handiena lortu dutenak honakoak izan dira: Aritzatxu (9,09), Plentzia (9,03), Gorliz (9), Karraspio (8,35) eta Laga (8,15). Txarrenen artean geratu direnak, aldiz, Ereaga, Arrigunaga, La Arena, Arrietara-Atxabiribil eta Ogella izan dira, hurrenkera horretan. Dena den, Bizkaiko hondartza guztiek jaso dute 6tik gorako nota erabiltzaileen aldetik.
Aipatutako inkesta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eskatu du, eta horren arabera hondartzei dagokienez gehien baloratu dena segurtasuna izan da. Hala, 8,68ko nota jarri diote arlo horri, eta ez da egon 8tik behera geratu den hondartzarik. Kalifikaziorik baxuena Arrietara-Atxabiribilek jaso du, baina hala eta guztiz ere 8,38 jarri diote erabiltzaileek. Alde honetatik, Gorliz izan da baloratuena, 10etik 9,26 puntu bereganatuta. Honekin lotuta, nabarmentzekoa da Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuari hondartzetan ibili direnek emandako puntuazioa, 9,72koa hain zuzen. Hala, hori da Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetan ematen dituen zerbitzu guztien artetik aintzat hartuena. Hondartzainen eraginkortasuna ere oso kontuan hartzen dute erabiltzaileek, eta 8,30 ematen diote.
Bestelakoen artean, garbitasuna da hondartzetara joaten direnek gehien estimatzen dutenetako aspektua. Batazbestekoan, 7,49 puntu lortu dituzte hondartzek arlo horretan, eta ez dago 6tik behera geratu denik. Multzo honetan, bi dira erabiltzaileen ustez gauzarik garrantzitsuenak: freskagarri eta hondakin artifizialen ontzirik ez egotea (8,37) eta kontserbazioa (7,91).
Erabiltzaileen ohitura aztertzeko balio izan du inkestak, beste alde batetik. Emaitzek erakutsi dutenez, horietako gehienak bizpahiru aldiz joaten dira gutxienez hondartzara astero. Eta joaten direnen artean hamarretik sei 18-45 urte artekoak dira. Laida eta Arrigorri dira adinik handieneko erabiltzaileak dituztenak, eta Aritzatxu, Ogella eta Ea, aldiz, 18-29 urte bitarteko gazte gehien biltzen dituztenak. Hondartzetara doazen gehienak autoz (%57,5) edo oinez (%20,5) joan ohi dira. Izan ere, gertutasuna da hondartza aukeratzeko irizpide nagusietakoa, bestelakoen gainetik. %10,8 baino ez doa gustuko duen hondartzara, dagoen distantzia aintzat hartu gabe.
Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, 3.111.126 lagun egon dira Bizkaiko hondartzetan. Aurreko denboraldiarekiko %16,24ko igoera islatzen du horrek, ordukoan 2.676.475 lagun bertaratu baitziren guztira. Ondorioz, 2016. urtea azken hiruretako onena izan da hondartzetara joan direnei dagokionez. Horretarako badagoi arrazoi bat baino gehiago, besteak beste aurtengoa aurrekoa baino uda beroagoa izan dela eta egun nahasietan ere tenperaturak gozoak izan direla.
Uda hilabeteetan aletuz gero, abuztua izan da bisitari gehienekoa (1.297.778). Hori ez da aparteko datua, urtero berdin gertatzen delako. Baina, aurreko urtearekin konparatuta, iraila izan da bisita igoera handiena izan duen hilabetea. 2015ean 164.175 izan ziren hondartzetara gerturatu zirenak eta aurtengo denboraldian, aldiz, 522.953. Bisitari gehien izan dituzten hondartzak Arrietara-Atxabiribil (385.580 erabiltzaile), La Arena (319.660), Ereaga (290.154), Laga (256.660) eta Bakio (227.905) izan dira. Nabarmentzekoa da, azkenik, hiru hondartzatan izandako bisitari igoera nabarmena iazkoarekin konparatuta: Arrigorri (%106,23), Laida (%83,04) eta Barinatxe (%68,55).
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.