Donostiako Zinemaldiak aukera ematen du bere inguruan hainbat ekitaldi egiteko. Azken urteotan, beste hainbat sektorek legez, zineak krisi sakona jasan du, horri lotutako BEZ igo eta gero areagotutakoa. Horregatik da hain interesgarria gaur egun Espainia mailan zinearen egoera zer nolakoa den jakitea, eta Gipuzkoako hiriburuan horren inguruko datu argigarriak eman dira ezagutzera. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteotan, Espainiako filmek zineetan eragindako diru sarrerek %26 egin dute gora, iazko epe bereko emaitzekin alderatuta. Datuok FAPAE elkarteak eskaini berri ditu, Espainiako Ikusentzunezko Ekoizleen Elkarteen Federazioak.
Horren esanetan, 56,8 milioi euro lortu dituzte urtarriletik ekainera bitartean Estatuan egindako filmek. Gainera, epe berean, film espainiarrek %14ko kuota izan dute, iazkoaren %12aren aurrean. Beraz, aurreraka ari da zine mota hori. Ondorioz, ekoizleak pozik agertu dira emaitzokin, urtea amaitu baino lehen estreinatzeko falta diren filmek joera hori sendotuko dutela uste baitute. Euren ustez, aipatutako kuota %20koa izango da urte amaieran, iazkoaren antzekoa, baina 2014ko %23koa baino beheragokoa, orduko hartan 'Ocho apellidos vascos' filmak sekulako eragina izan baitzuen emaitzak hobetzerakoan.
Estreinatzeke dauden filmen artekoak dira, esaterako, 'La reina de España', Fernando Truebarena, 'Villaviciosa de al lado', 'Los últimos de Filipinas' edo 'La reconquista'. Lehen bederatzi hilabeteotan gehien ikusi direnen zerrendan, ostera, 'Palmeras en la nieve' dago lehena, eta jarraian datoz 'Cien años de perdón', 'Kiki, el amor se hace', 'Cuerpo de élite', 'Ocho apellidos catalanes', 'Julieta', 'El pregón', 'Toro' eta 'El olivo'.
Diru sarrera orokorrei dagokienez, FAPAEk jakinarazi duenez, irailaren 15era arte, Estatuko zineek 405 milioi euro jaso dituzte, eta 67,5 milioi ikusle. Hala, sarrerek %8 egin dute gora, eta ikusleek, %7,5, iazko data berberarekiko. Errodaia kopuruaren arloan, aldiz, %15 egin du behera iazko epe berarekiko, eta abian jarritako 104 lanetatik (iaz baino 24 gutxiago), erdia dokumentalak dira. Koprodukzioek ere behera jo dute, %27,8 zehazki, eta lankidetza maila handienekoak Mexiko, Frantzia eta Argentina dira.
Zinemaldia aintzat hartuta, 60 izango dira han ikusgai jarritakoen artean Estatuan egindako edo bertako partehartzea duten filmak. Horrek esan nahi du, pantailaratuko diren guztien %40 direla jatorri horretakoak. Sailka, Atal Ofizialean zortzik hartuko dute parte; Zabaltegin, hiruk; eta Zuzendari Berrienean eta zinema latindarrarenean, banak.
Agertoki honetan, ekoizleen kritika gehienak Espainiako Gobernuarentzat izan dira, BEZ %21etik %10era jaistekoen artean zineetako sarrerak egongo ez direlako. Euren aburuz, egoera hau ez doa industriaren aurka, ikusleen aurka baizik. Ildo horretatik, zinema munduko sektoreak "ahalegin" berezia egin behar izan duela nabarmendu du FAPAEko presidente Ramón Colom-ek, eta zineetako sarreren prezioaren batazbestekoa euro bat jaitsi dela gaineratu.
Zinea sektore garrantzitsua da kulturaren arloan, eta bere egoerak beste hainbatetan eragiten du. Zinemaldia esparru ezin hobea da azken urteak eman dituenetakoak ikusteko, eta horietaz gozatzeko. Zine on asko egiten da orain ere, gertu zein urruti, eta aniztasun horren lekuko da Donostia egunotan. Kontsumitzeko moldeak aldatu diren arren, zineak ez du interesik galdu. Telebistarako egindako sailek inoiz baino arrakasta gehiago lortzen duten honetan, pantaila handiak ez du aspaldi bateko xarmarik galdu.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.