Azken urteotan turismoak gorakada nabarmena izan du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Bizkaiko datuak ere oso onak dira. Aldundiak berriki jakinarazi duenez, lurraldeak bere udarik onena izan du turismoari dagokionean. Izan ere, ekain, uztail eta abuztuan 444.139 turista bertaratu dira, duela hamar urte etortzen zirenak baino %50 gehiago. Litekeena da urte osoko marka ontzea, eta abenduaren azken egunean iazko 1.290.988 sarrerak gainditzea.
2015a inoizko onena izan zen turismoarentzat Bizkaian, baina eskura dago aurten ordukoa hobetu ahal izatea. Hori adierazten dute orain arteko datuek. Urtarrila eta abuztua bitartean milioi bat turista inguru erregistratu dira, zehazki 923.978. Beraz, iazko datuen gainetik daude oraingoak, %8,2 gora eginda. Hala jakinarazi du asteon egindako agerraldian Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Gainera, ez da sekula atzerriko horrenbeste turista erregistratu. 2006an, esaterako 255.413 izan ziren atzerritik etorritakoak, eta 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan 347.429 izan dira, ia 100.000 gehiago. Horrek erakusten du turismoaren arloan urte gutxitan Bizkaiak egin duen jauzi itzela, azpimarratzeko modukoa Eta hori oso nabaria da turisten jatorria aintzat hartuta datu horiek atalka aztertzen direnean. Hala, hamar urteko epean Frantziako turisten kopurua %120 hazi da, Estatu Batuetakoa %113, eta Alemaniakoa %60. Hori aintzat hartuta, Aldundiak ahalegin berezia egingo du atzerrian lurraldea gero eta ezagunagoa izateko.
Horretarako, nazioartera joko da, erakuslehio direnetara. Rementeriaren esanetan, "bisitari bakoitzaren atzean agian aukera bat egon daiteke lurraldearentzat, eta horregatik da hain garrantzitsua pertsona horiek guztiak gurera etortzea eta gu zuzenean ezagutzea, gero euren jatorriko herrietan horren berri emateko". Ildo horretatik, aurrera begira ere nazioarteratzea izango da kanpo sustapeneko ardatz nagusietakoa, Bilboko Udalaren eskutik eta Bilbao-Bizkaia markaren bidez. Egindako ahaleginaren erakusgarri da 2016an marka hori 33 hiritan eta 18 herritan agertu izana.
Gaur egun, Estatu mailako eta nazioarteko turisten kopurua parekoa da, eta azken hauengandik jasotako balorazioa are hobea. Egonaldiaren ostean egiten duten batazbesteko balorazio orokorra 8,7koa den bitartean, atzerriko turistena 8,8koa izatea oso argigarria da alde horretatik. Bizkaia bisitatzea aholkatzen dutenen artean ere, atzerriko turistek bultzada berezia ematen dute, aktiboagoak dira, batazbesteko orokorra 8,74koa den bitartean, atzerritarren artean 8,93koa delako.
Dirua uzteari dagokionez, egoera beretsua da. Hala, atzerriko turistak askoz gehiago gastatzen du bere egonaldiak iraun bitartean. Batazbestekoa 507 euro ingurukoa da orokorrean, baina Estatu mailako turistena 326 eurokoa den bitartean, atzerritarrena 724koa da. Aldea oso nabaria da, beraz.
Aldunditik gogorarazi dutenez, turista olde hori egokiro jasotzeko lurraldeko azpiegiturak dezente egokitu dira azken urteotan. Turismoa dagoeneko aukera-sektorea da Bizkaian, bertoko Barne Produktu Gordinaren %5,1 baita gaur egun. Hori zenbakietara eramanda, hauxe: 1.725 milioi euro eta 45.427 lanpostu.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.