viernes, 30 de septiembre de 2016

Prezioak, gora

Iraila amaitzear dago eta, urtearen hirugarren hiruhilekoan sartzearekin batera, hainbat estatistika hasiko dira plazaratzen. Horien arteko garrantzitsuenetakoa prezioei dagokiena da, Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) zehazten duena alegia. Estatistika Institutu Nazionalak jakinarazi duenez, prezioek %0,3 egin dute gora irailean, iazko hilabete berarekiko. Horrek 14 hilabeteko bolada hautsi du, urtearteko tasan lehen igoera baita 2015eko uztailetik. Ordutik, hilabete guztietan —iazko abenduan izan ezik, orduan ez gora ez behera geratu baitzen—inflazio tasak negatiboak izan dira Espainian orain arte. Gainera, iraileko igoera 2014ko apiriletik honako handiena da, orduan KPIren igoera %0,4koa izan baitzen. 

Igoeraren arrazoiei dagokienez, erregaien eta elektrizitatearen garestitzea hartu behar da aintzat, nahiz eta erakunde ofizialak aste batzuk barrura arte arlokako estatistika osoa ezagutzera emango ez duen. Inflazio tasa alde positiboan kokatu izana duela hilabete batzutatik hasitako bidearen jarraipena da. KPI negatiboan dago urtarriletik baina apirileko minimotik (-%1,1) goraka ari zen astiro-astiro. 
Ildo horretatik, abuztuan prezioak %0,1 baino ez ziren jaitsi iazko hilabete berberarekiko, urteko beherakarik txikiena; eta ondorioz adituek hilabeteon alde positibora jauztea espero zuten, batik bat erregaien gorakada kontuan hartuta. Hilabetearteko tasari dagokionez, prezioek %0,1 egin dute gora irailean abuztuarekiko. KPI armonizatua aintzat hartzen bada, Europako Batasuneko gainerakoekiko bateragarri izateko parametroen arabera, iraileko prezioen igoera zertxobait baxuagoa izan da, %0,1ekoa zehazki. 
Arlokako daturik ez dagoen arren, Estatistika Institutuak aurreratu duenez prezioen igoera, neurri handi batean, erregaien prezioaren igoerarekin lotuta dago, dieselarena eta gasolinarenarekin, eta baita elektrizitatearenarekin ere, 2015ean izan zuten jaitsiera eta gero goraka ari direlako orain. Duela urtebete 'Brent' petrolioaren upela 48-49 dolarretan ordaintzen zen nazioarteko merkatuetan, 2014ko iraileko salneurriaren erdian. Petrolioaren prezioen jaitsierak Espainian gasolina-hornigailuan zuzenean eragiten ez duen arren (erregaien truke ordaintzen denaren zati handi bat zergetara baitoa), lehengaiaren balio-galerak indarrez merketu zituen 2015ean gasolinaren prezioa eta beste ondasun batzuren ekoizpena, batik bat industrialena. Horrek eraman zuen KPI %0,9 jaistera. Aurten, aldiz, irail honetan 'Brent' petrolioaren upela iazko maila beretsuan dago, edo gainetik, eta horrek oraingo igoeran eragin du.  
Baina testuinguruari erreparatuta, nahiz eta irailean alde positiboan jarri den, inflazioa Europako Banku Zentralak ezarritako helburutik urrun dago, %2 inguruko mailatik hain zuzen. Euroguneko urtearteko tasa %0,2koa izan zen abuztuan, uztailean bezalatsu, Eurostat estatistika erakundeak aditzera eman zuenez. Prezioek Espainian duten ahultasuna ez da, beraz, salbuespen bat, aurreko hilabetean Europako Batasuneko hamabi herrialdek izan baitzituzten tasa negatiboak. Krisi ekonomikoak kontinenteko herrialde gehienak astindu ditu bete-betean, eta ondorioetako asko ere batean eta bestean ari dira nabaritzen. Ziurrenik, horregatik da hain garrantzitsua egitasmo koordinatuak partekatzea eta pizgarriak Batasun mailakoak izatea, norbere kabuz abiatu daitekeenik ia ez dagoelako


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes