lunes, 12 de septiembre de 2016

Egungo Alemaniaren urtebetetzea

1949ko irailaren 12an Alemaniako Errepublika Federala aldarrikatu zen, Theodor Heuss presidente eta Konrad Adenauer kantziler hartuta. Alderdi Naziaren garai ezin ilunagoaren eta Bigarren Mundu Gerraren ostetik, horixe izan zen gaur egun ezagutzen dugun Alemaniaren abiapuntua, 1989an ekialdeko zatiarekin bat eginda osatutakoa. Ia 70 urteko epean Alemaniak nabarmen egin du gora, mundu herrialde oparoenetakoa izateraino. Eta hasierak oso gogorrak izan ziren, suntsitua izan eta gero okupatua eta zatitua izan zelako, Hitler-en basakerien ordainetan.
Mendebaldeko Konstituzioa 1949an onartu ostean, herrialdeak urte gutxitan bere subiranotasunaren zati bat berreskuratu zuen, Ejerzitoa izateko eskubide eta guzti. Europako Elkartean hasieratik hartu zuen parte, eta baita NATOn ere. Eki Alemania, aldiz, Varsoviako Ituneko kide egin zuten. Ondorioz, herrialdeak gertu-gertutik bizi izan zuen Gerra Hotza deitutakoa, eta bereziki Berlin hiriburu zatituak. Urteen joan-etorriarekin hiriaren ekialdeko zatian, Alderdi Komunistaren menpekoan, harresia eraiki zuten, jendeak mendebaldera ihes egin zezan eragozteko. Horrek pil-pilean jarri zuen bi aldeen arteko egoera urte askotan.
Errepublika Federala sortu zenez geroztik, Batasun Demokrata Kristaua (CDU) eta Alderdi Sozialdemokrata (SPD) izan dira nagusi, baina urte askotan Alderdi Liberala ere erabakigarria izan zen. Beranduago batu zitzaizkien Berdeak, 1983tik aurrera. Gobernu burua kantzilerra da, botere exekutiboa duena, eta botere legegilea Bundestag (Dieta Federala) eta Busdesrat (Kontseilu Federala) deritzanen artean dago banatua. Presidentea da Estatu burua baina bere eginkizunak batez ere protokolozkoak dira.
1989ko azaroaren 9an Berlingo harresia erori ostean Alemania bien arteko batasun prozesua geraezina izan zen, eta urrats hori 1990eko urriaren 3an gauzatu zuten bi aldeek, nahiz eta funtsean Ekialdea izan zen Mendebaldean integratu zena. Alemaniak bere subiranotasun osoa berreskuratu zuen, Bigarren Mundu Gudako potentzia irabazleen kontrol politikoa eta militarra bertan behera geratu eta gero.
Gaur egun 16 estatutan banatuta dago Alemania, Länder deitutakoetan. Horietako bakoitzak bere Konstituzioa dauka eta, neurri handi batean, autonomoa da zuzenean dagozkion gaietan. Neurriaren eta populazioaren arabera badago berezitasunen bat horien barruko antolaketa administratiboan, batzuk hiri-estatuak direlako, hedadura gutxikoak, eta beste batzuk, aldiz, lurralde handikoak.
Urteotan Alemaniak maila guztietan egin du aurrera, Europako potentzia nagusi bihurtzeraino. Erresuma Batuak Europako Batasuna utzi eta gero, Alemania da bertako ardatza, Frantziarekin batera. Euroaren egonkortasuna, eta Europako ekonomiarena, Alemaniak egiten duenaren menpe daude neurri handi batean, duen indarraren ondorioz. Barne Produktu Gordinari dagokionez, munduko bosgarren herrialdea da, eta 47.200 dolarreko errenta per capita zeukan 2014an. Gaur egun herrialde egonkorra da zeharo, CDU eta SPDren arteko koalizio handi batek gobernatutakoa, eta luzaroan Europaren erdigune izaten jarraituko du, 1949an abiatutako proiektua ezin arrakastatsuagoa izan delako.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes