Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako egin beharreko urratsei dagokiena gaur egungo gizartearen gai nagusietakoa da, asko egin den arren oraindik zer egin ugari dagoelako. Eta Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen plana onartu du. Ez da edozer, askotan eremu horretan egiten denak akulu modura eragiten duelako gero maila pribatuan ere. Jaurlaritzatik bertatik adierazi dutenez, garrantzi handiko lan-dokumentua da honakoa, sindikatuekin batera prestatutakoa eta administrazio orokorreko mahai sektorialak onartutakoa.
Planak lau urteko indarraldia izango du, eta berdintasunaren ikuspuntutik egungo egoeraren diagnostikoa eginez abiatzen da. Horretarako, EAEko administrazio orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten ia 7.000 pertsonen ezaugarriak aztertzen eta zehazten dira. Ostean, sei jardun-ardatz zehazten ditu, eta antzemandako desberdintasuna arintzeko abian jarri beharreko 26 neurri zehatz ezarri.
Berdintasunari dagokionez, egindako azterketak hiru ondorio nagusi aletu ditu: langile-taldea nabarmen feminizatuta dago, emakumeek gizonek baino lan-ezegonkortasun handiagoa dute, eta emakumeek batez ere —%87,17— eskatzen dituzte adin txikikoak edo familiakoak zaintzeko bateragarritasun-neurriak. Baino hori ez da guztia. Badago bestelakorik ere. Izan ere, egiaztatu egin da emakumeen eta gizonen artean %8,5eko soldata-arraila dagoela, baina ez da zuzeneko diskriminazio baten emaitza, emakumeek bateragarritasunaren pisua euren gain hartzean kategoria eta soldata txikiagoko lanpostuak betetzearen aldeko aukera egitearen emaitza baizik. Beraz, desberdintaun hori zeharkakoa izan arren, esanguratsua eta oso kontuan hartzeko modukoa da, duen esanahiagatik.
Jaurlaritzatik egindako urratsak beste erakundeetatik egindakoen eskutik datoz. Arlo publikotik ardura berezia jarri da gai honetan, bultzagarri izateko asmoz. Baina oraindik bide luzea dago aurretik gizartean. Zenbakiek erakusten dute zenbaterainokoa den egiteke dagoena: 2015ean, Jaurlaritzak berak adierazitakoaren arabera, seme-alaben zaintzarako eszedentzia hartu zuten langileen %96,07 emakumeak izan ziren. Beraz, gizonezkoen artean %3,93ak baino ez zuen horretara jo. Lanaldi murrizketari dagokionez ere, berdintsu; aukera hori egin zutenetatik %91,96 emakumeak izan zirelako.
Arlo honetan egun maiz erabiltzen diren kontzeptuetako asko oraintsukoak dira, kontziliazioarena adibidez. 1999an hasi zen erabiltzen, eta horren zama gehien-gehienetan emakumeen gain erori da. Horrelakoak duela oso gutxi aintzat hartzen hasi izanak adierazten du zein berriak diren ekinbide horiek eta luze joko duela oraindik desorekatuta dagoena orekatzen hastea. Baina administrazioek aitzindari izan behar dute, bestelako esparruek bide berbera jarrai dezaten. Arlo pribatuan ere badaude asko aurreratu dutenak, baina enpresa gehienetan berdintasun erreala gehiago da asmoa errealitatea baino. Gizon eta emakume berdinek osatutakoa gizartea hobea izango da, eta xede horri eutsi behar zaio lortu arte.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.