Gizarte Segurantzak 8.534,9 milioi euro baliatu ditu ordaindutakoaren araberako pentsioetan abuztuon, inoizko kopururik handiena. Duela urtebete baino %3,2 gehiago da hori, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak ezagutzera eman duenez. Pentsio guztien orotako gastuak urtearteko %8 gainditu zuen 2008an, krisiaren aurretik. Orain, hamalau hilabetez jarraian %3ko urtearteko tasetan ibili ondoren, badira bata bestearen atzeko lau hilabete aspaldiko kopuru hori gainditu direnak.
Pentsioak ordaintzera zuzendutako aipatutako dirutzatik, zatirik handiena —6.002,8 milioi euro, iazko abuztuan baino %3,9 gehiago— erretiroko pentsioetara joan zen, eta ostean etorri ziren alarguntzakoak —1.507,4 milioi euro, 2015eko hilabete berean baino %1,57 gehiago—. Lanerako ezintasun iraunkorreko pentsioei dagokienez, 875,2 milioi euro eraman zituzten (+%1,5), zurztasunekoek 128,4 (+%1,9) eta senitartekoen aldekoek ia 21 milioi euro (+%3,6).
Pentsio kopuruak ere gora jo du abuztuan, iazko hilabete berarekiko %1,3 hain zuzen, 9.427.785era heldu arte, inoizko gehienera. Azken hamarkadako seriearen barruan abuztuko urtearteko hazkunde tasa handienetakoa ez den arren, azkartu egin da aurreko hilabeteekiko. 2015eko otsailera arte begiratu beharra dago urtearteko hazkunde handiagoarekin topo egiteko. Pentsio guztien artetik, erdia baino gehiago, 5.744.786 zehazki, erretirokoak izan ziren, 2015eko abuztuarekiko %1,7 gora eginez. 2.359.879 alarguntzakoak ziren (+%0,4), 940.730 lanerako ezintasun iraunkorrekoak (+%0,8), 342.486 zurztasunekoak eta 39.904 senitartekoen aldekoak (+%2).
Hil honen hasieran, erretiroko pentsioaren batazbestekoa 1.044,92 eurokoa zen hilabeteko, 2015eko abuztuan baino %2,09 gehiagokoa beraz. Bestalde, sistemako batazbesteko pentsioa, pentsio mota ezberdinak aintzat hartzen dituena (erretirokoa, ezintasun iraunkorrekoa, alarguntzakoa, zurztasunekoa eta senitartekoen aldekoa), 905,3 eurokoa izan da abuztuon, duela urtebete baino %1,89 gehiagokoa.
Zehazki, alarguntzako batazbesteko pentsioa 638,80 eurokoa izan da hil honetan, iazko abuztuan baino %1,2 handiagoa, eta ezintasun iraunkorrekoa 930,41 euroko batazbestekora heldu da, urtearteko ia %0,7ko gehikuntzarekin. Zurztasunari dagokionez, batazbesteko pentsioa hilero 374,89 eurokoa izan da, 2015eko abuztuan baino %1,08 gorago, eta senitartekoen aldekoa hilero 526,07 eurotan geratu da, urtebetean %1,5eko igoera izan eta gero.
Pentsioei dagokiena itzal handiko eztabaida da Espainiako politikagintzan. Horien ordainketari aurre egiteko aurreztuta zegoena urtez urte ari da gutxitzen eta, Gobernu berria osatutakoan, alderdiek hausnarketa sakona egin beharko dute sistemaren etorkizunaren inguruan, konponbiderik aurkitu ezean Gizarte Segurantzaren kutxa zenbaki gorriz beteko delako. Ez da, gainera, epe luzerako arazo bat, epe laburreko ondorioak izan ditzakeena baizik. Beraz, premiazko erantzunak behar ditu, maila politikoan ahalik eta adostasun zabalena dutenak, Gobernuko alderdiak aldatu arren etorkizunean gorabeherarik ez eragiteko eta sistemak egonkortasuna izan dezan.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.